24 ordu gehiago dute enpresek itxialdira egokitzeko
Apirilaren 9ra bitartean egongo da dekretua indarrean, baina 24 orduko luzapena eman diete jarduera berehala etetea ezinezkoa zaien enpresei. Osasun larrialdia amaitzean, egin gabeko lanorduak berreskuratu beharko dituzte beharginek.
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak zapatuan [martxoak 28] jakinarazi zuenez, funtsezkoak ez diren jarduera ekonomiko guztiak etengo dira. Hori arautzen duen dekretua Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute, eta horren arabera, gaurtik [martxoak 30] apirilaren 9ra bitartean egongo da dekretua indarrean, baina 24 orduko luzapena eman diete jarduera berehala etetea ezinezkoa zaien enpresei. Helburu bakarra, gaineratzen duenez, “Baimen ordaindua gauzatu ahal izateko ezinbestekoak diren lanak egitea da, enpresa-jarduera berriro ekitean neurriz kanpoko kalterik ez egiteko”.
Pedro Sanchezek autonomia-erkidegoetako presidenteekin domekan [martxoak 29] egindako bileran, bai Iñigo Urkullu lehendakariak zein Juan Manuel Moreno eta Alberto Nuñez Feijoo Andaluziako eta Galiziako presidenteek enpresa batzuen jarduera bat-batean ez gelditzea eskatu zioten presidenteari, makinaren batean edo ekoizpen-prozesu jakin batzuetan eragin dezakeen kalteagatik.
Urkulluk gutun bat ere bidali zion Sanchezi, eta funtsezkoak ez diren zerbitzuak nola gelditu erabakitzea autonomien esku uztea eskatu zion.
Azken Dekretua ez zaie aplikatuko ERTE edo aldi baterako ezintasunagatik kontratua etenda dutenei eta telelanaren bidez lan egiten dutenei.
Funtsezkoa ez den jarduera batean lan egiten duten beharginak, ordea, gaur beharrera joan ahal izan dira, bihar [martxoak 31], berriz, etxean geratu beharko dute, eta osasun larrialdia amaitzean, egin gabeko lanorduak berreskuratu beharko dituzte. Abenduaren 31 arteko epea izango dute horretarako, eta enpresagaz adostu ahal izango dute lanorduak zelan gehitu.
Funtsezko jarduera batean lan egiten duten beharginek normaltasunez joan behar dute lanpostura. Espainiako gobernuak funtsezkotzat jo dituen jarduerak hurrengoak dira:
1. Garraioa, aduanak, energia, petrolio eta gas hornidura bermatzeko beharrezkoak diren lanpostuak eta «azpiegitura kritikoetakoak».
2. Premiazko ondasun eta zerbitzuen ekoizpenean eta banaketan lan egiten dutenak: jakiak, edariak, animalientzako elikagaiak, garbiketa produktuak, botikak, osasun produktuak.
3. Janaria etxera eramaten duten ostalaritza saltokiak.
4. Osasun teknologiaren eta materialen nahiz erietxeetako ekipamenduen ekoizpen katean eta banaketan lan egiten dutenak.
5. Funtsezkotzat jotako jarduerek egoki funtzionatu dezaten beharrezkoak diren hornidura eta materialak eskaintzen dituen manufaktura industriaren jarduera produktiboari eusteko ezinbestekoak direnak.
6. Pertsonen eta merkantzien garraioan lan egiten dutenak.
7. Espetxe Instituzioetan, babes zibilean, itsas salbamenduan, suteetan, meatzeen segurtasunean eta bide segurtasunean lan egiten dutenak. Baita segurtasun pribatuko langileak ere, horiek segurtasunezko garraioan, alarmei erantzuteko lanetan eta oinarrizko zerbitzuak ematen direla bermatzeko lanetan dihardutenean.
8. Armadari materiala eta ekipamenduak hornitzeko langileak.
9. Osasun zentroetako langileak, eta adinekoak, adingabeak eta mendekotasunen edo ezgaitasunen bat dutenak artatzen dituzten zentroetako beharginak; baita COVID-19ari aurre egiteko ikerketa eta garapen zentroetan lan egiten dutenak ere, eta horiei zerbitzuak ematen dizkieten enpresen gutxieneko zerbitzuak. Hileta zerbitzuetako beharginak.
10. Animalien osasun artarako zentroetako langileak.
11. Prentsa eta komunikabideak saltzen, inprimatzen eta banatzen lan egiten dutenak.
12. Finantza zerbitzuak; bankuak, aseguruak eta inbertsioak, ezinbestekoak diren zerbitzuak emateko soilik.
13. Telekomunikazio eta ikus-entzunezko eta beharrezko informatika zerbitzuetako enpresak, eta horiek ahalbidetzen dituzten sare eta instalazioetan eta horien funtzionamendu egokia ziurtatzen dihardutenak, bereziki zerbitzu publikoak eskaintzeko beharrezkoak diren kasuetan.
14. Genero indarkeriaren biktimak babesteko eta artatzeko zerbitzuei lotutakoak.
15. Bertan behera geratu ez diren auzibideetan, abokatu, prokuradore, gizarte langile, itzultzaile eta psikologo lanetan ari direnak.
16. Lege aholkularitzan, gestoria administratiboetan eta lan arriskuen prebentzioan lan egiten dutenak, soilik premiazko kasuetan.
17. Notariotzan eta erregistroetan lan egiten dutenak, soilik Segurtasun Juridikoko Zuzendaritzak ezinbestekotzat jotako zerbitzuak betetzeko denean.
18. Matxurak premiaz konpontzeko eta garbiketa eta mantentze zerbitzuetan dihardutenak. Hondakin arriskutsuak, hiri hondakinak eta ur hondakinak jasotzen, kudeatzen eta tratatzen dituztenak, deskontaminazio jardueretako beharginak eta hondakinen kudeaketan, garraioan eta kentzean ari direnak.
19. Iheslarientzako harrera zentroetako eta migranteentzako zentroetako langileak, Migrazioetarako Espainiako Estatu Idazkaritzak diruz lagundutakoak badira.
20. Ur horniduran, depurazioan, garraioan, arazketan eta saneamenduan lan egiten dutenak.
21. Meteorologia zerbitzuak emateko beharrezkoak diren zereginetakoak.
22. Estatuak izendatutako operadoreak emandako posta zerbitzuko langileak.
23. Osasun materialen inportazioan eta horniduran lan egiten duten sektoreetakoak; logistika, garraio, biltegiratze, aduana zirkulazio eta, oro har, osasun korridoreetan parte hartzen duten guztietakoak.
24. Internet, telefono edo posta bidezko komertzio bidez erositako produktuen banaketan eta entregatzean lan egiten dutenak.
25. Premiazkotzat jotako zerbitzuetan lan egiten duten beste edozein sektoretakoak.