Aldundiak amaitutzat eman ditu Mutriku eta Deba arteko errepideko lanak
Lanek hamalau hilabete iraun dutela eta hobekuntzei esker bi herrien arteko komunikazioa "nabarmen" hobetu dela esan dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak amaitutzat eman ditu Mutriku eta Deba arteko GI-638 errepide berriaren eraikuntza eta oinezkoentzako pasealekua. Esan dutenez, proiektuak 10 milioi eurotik gorako aurrekontua eduki du, eta lanek hamalau hilabete iraun dute. “Obra horien bitartez, Mutriku eta Debaren arteko komunikazioa nabarmen hobetu da, bai oinezkoentzako eta baita ere gidarientzako”.
Aldundiko ordezkariek esan dute Mutrikurentzako GI-638 errepidea dela gainerako lurraldearekin komunikatzeko biderik zuzenena. “Gure helburu estrategikoetako bat da lurraldeen arteko oreka. Eta jakin badakigu azpiegitura onak edukitzeak iriste erraztasuna hobetzen duela, lehiakortasun ekonomikoan eta herritarren bizi kalitatean zuzenean eragiteaz gain”.
GI-638 errepideko hobekuntzen helburua bidea zabaltzea eta hobetzea izan dela diote. “Zazpi metroraino zabaldu dute galtzadaren zabalera, eta bihurguneak eta arazo gehien sortzen ziren puntuak leundu dituzte”. Lan nabarmenenak Ipitxarriko bihurgunean eta Alkolean egin direla esan dute. “Ipitxarrin errepidearen kurbadura murriztu da eta 40 metro baino gehiagoko harri euste horma bat eraiki da. Alkolean, aldiz, tunela eraiki da, lehen zegoen bidea saihestuz”.
Batazbeste, errepide horretatik egunero 6.000 ibilgailu pasatzen direla gogorarazi dute. “Oso errepide ibilia da, bi udalerriak lotzeko ia aukera bakarra baita”. Hobekuntza lanei esker, gidarien “segurtasuna handitu” eta herritarren osasuna eta bizi kalitatea “hobetu” direla gaineratu dute. “Izan ere, oinezkoentzako pasealekuari eta bidegorriari esker, bi herri horietan itsasertzean paseatzen ibiltzeko aukera dago”.