Elhuyarrek koronabirusaren inguruan egindako azalpen bideo guztiak!
Guztira bederatzi bideo labur egin ditu Elhuyarrek. Koronabirusak sortu duen egoera berezi honetan, herritarrei euskarazko "irizpidedun eta kalitatezko informazioa" ematea ezinbestekoa da Elhuyarren ustez.
Elhuyar Zientziako lantaldeak koronabirusaren inguruko argibideak emateko bederatzi bideo-pilulako sorta bat prestatu du. Bideoak egunero sareratu dituzte, martxoaren 30ean hasita. Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko kideak minutu bateko bideoetan hainbat gai landu ditu, hala nola, birusaren jatorria, komunitate zientifikoaren ahalegina, adinaren araberako eragina, emakumeak zaurgarriago izatea, edota tratamenduen inguruan.
Koronabirusak sortu duen egoera berezi honetan, herritarrei euskarazko “irizpidedun eta kalitatezko informazioa” ematea ezinbestekoa da Elhuyarren ustez, eta lan horrek hedadura handiagoa izan dezan, euskarazko komunikabideekin elkarlana sendotzeko abagunea aprobetxatu nahi izan du, eduki hori guztion eskura jarriz.
1. BIDEOA (martxoak 30): Saguzarretatik gizakietara: Lehen atal honetan birusaren jatorriaz hitz egiten da. Saguzarretatik pasa da gizakietara, eta beste koronabirus batzuen antza du COVID-19 honek.
2. BIDEOA (martxoak 31): Mesederik ez: Komunitate zientifikoa ahalegina egiten ari da krisialdi honetan zientzia politiketan eragiteko beharra agerian uzteko.
3. BIDEOA (apirilak 1): Adin guztietakoak infekta daitezke: Adinekoak dira gaitzak gehien kolpatu dituenak, baina fokua soilik eurengan jartzeak argazkia desitxuratu dezake, gazteei eragiten ez diela pentsatzeak ekarri du asintomatikoek beste pertsona batzuk ere kutsatzea.
4. BIDEOA (apirilak 2): Emakumeak zaurgarriago: Txinako datuetan ikusi zuten gizonei gehiago eta larriago eragin ziela koronabirusak. Horren atzean sexu eta genero arrazoiak daude (immunitate sistemaren diferentziak eta tabakismoa). Alabaina, genero-bereizketak emakumeak zaurgarriagoak egiten dituela ohartarazi dute: osasun langile gehienak emakumeak dira, eta haien gain geratzen dira zaintza lanak.
5. BIDEOA (apirilak 3): Erabateko konfinamendua. Asko dira erabateko konfinamendua eskatzen ari direnak, tartean zientzialari asko, neurri eraginkorrena delakoan. Baina, zertan bereizten dira konfinamendua, bakartzea eta berrogeialdia?
6. BIDEOA (apirilak 6): Pandemiaren metaforak. Gerra-hizkera erabat zabaldu da COVID-19az hitz egiterakoan. Baina zientzialariek ohartarazi dute horrek arrisku handiak dituela. Eta gerraz baino suteaz hitz egingo bagenu?
7. BIDEOA (apirilak 7): Birusaren mutazioak: Birusek mutatu egiten dute, eta hor dago aurre egiteko zailtasunetako bat. Gripearen aldean, koronabirusek gutxiago mutatzen dute, baita COVID-19ak ere, baina beste birus batzuek baino gehiago.
8. BIDEOA (apirilak 8): Tratamenduak proban: Birusei aurre egiteko antibiralak erabiltzen dira. Beste birus batzuen aurrean erabilitako botikekin egiten ari dira proba klinikoak mundu osoan, zerotik hastea baino errazagoa baita lehendik probatutako botikekin saiakerak egitea.
9. BIDEOA (apirilak 9): Sukarra adierazle: Sukarra da, arnasa hartzearekin eta eztularekin batera sintomarik adierazgarriena COVID-19an. Baina zenbateraino da adierazgarria sukarra?