Itxialdi garaian sarean egingo dituzte Mutrikuko Gaztelekuaren proposamenak
Gaurtik aurrera abian dago Gaztetxoko Mutrikuko gazteen webgunea. Era berean, sare sozialak ere indartzeko apustua egin dute Lapatxoko Gaztelekuko arduradunek.
COVID-19 gaitzaren zabalkundea gelditzeko ezarritako kontentzio neurriak direla eta, Mutrikuko Lapatxoko Gaztelekuko ate fisikoak itxita daude egunotan, baina Interneti esker eskaintza zabaltzen jarraituko dutela jakinarazi dute bertako ordezkariek. Hain zuzen ere, konfinamenduak dirauen bitartean gauzatuko duten planteamendu berria gaurtik [martxoak 30] aurrera ipiniko dute martxan.
Agertu dutenez, egoera berriari aurre egiteko planteamendua bi eratara egingo dute. Alde batetik, Gaztetxoko Mutrikuko gazteen webgunea abiarazi dute, eta bestetik, Gaztelekuko sare sozialek ere garrantzi berezia hartuko dutela iragarri dute.
Gaztetxoko webgunean, hain zuzen, Gaztelekuak sortutako edo interesgarria izan daitekeen materiala elkarbanatuko dute gaurtik [martxoak 30] aurrera, eta bertan hainbat ekintza proposamen edukiko dituzte eskuragarri herriko gazteek. “Bertan, begiraleok partekatzen dugun materialaz gain, gazteek ere aukera edukiko dute interesatzen zaizkien jolas, dinamika eta ekintzak besteekin partekatzeko, iritziak idazteko…”. Besteak beste, euskarazko aldizkarien eta liburuen irakurketak, Gaztelekuan arrakasta eduki duten Just dance jokoko dantzak, gazteentzat zuzendutako euskarazko online jolasak, etxean egiteko eskulanak, ariketa fisikoa egiteko baliabideak, sukaldaritzako errezetak, euskarazko hainbat telesail eta filmari buruzko zerrenda eta horiek ikusteko estekak…
Era berean, Gaztelekuko sare sozialak ere indartu egingo dituzte gaurtik aurrera. “Sare sozialak oso onak dira zuzeneko harremanaren bidez gai ezberdinak lantzeko. Beraz, gazteekin elkarrizketak egingo ditugu bariku, zapatu eta domeketan”. Elkarrizketa horiek Skype bidez egingo dituzte 17:30etik 18:30era. “Azkenik, Instagramez gazteek parte har dezaten galderak planteatuko ditugu, nerabeek feedback-a eduki dezaten. Horrez gain, hainbat erronka eta dinamika ere planteatuko ditugu”.