Neurriak langileen kontura datozela salatu dute sindikatuek
Patronalak egingo duen dekretuaren interpretazioari adi egongo direla esan dute sindikatuek.
Sindikatuak lehen egunetik aldarrikatzen zuten itxiera erabaki du Espainiako Gobernuak. Oinarrizkoa ez den jarduera guztia eteten duen Espainiako Gobernuaren 10/2020 Dekretua albiste ona dela diote sindikatuek, baina neurriak langileen kontura datozela salatu dute.
LAB sindikatuak patronalak egingo duen interpretazioari adi egongo dela adierazi du, “salbuespenetarako tarterik ireki ez dadin”. Patronalaren jarrera ere salatu du esate betarako Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak, oinarrizkoa ez den jarduera guztia eteteko neurria egun gutxirako izanik, “mezu katastrofista” ari delako zabaltzen: “Ikusi da, oso modu nabarmenean, patronalak bere interes ekonomikoak lehenetsi dituela osasunaren gainetik. Ikusi da arduragabekeriaz jokatu duela eta, arduragabekeria horretan, inolaz ere ez dela egon patronalaren erantzukizun sozialik”.
Neurria aurretik hartu izan balitz, egungo kutsatu kopururik ez zela egongo ere gaineratu du Aranburuk. “Bi astez milaka langile lanera joatera behartu baitituzte, eurak eta euren familiak arriskuan jarriz”. Bizitzak kapitalaren aurretik joan behar duela azpimarratu du, eta EAJk eta Iñigo Urkullu lehendakariak interes ekonomikoak lehenesten dituztela berretsi du: “EAJ-k maillot horia jantzi du, lehen postuan dago, arduragabekerian. Irrigarri geratuko da berriro, patronalarekiko hain menpeko egoteagatik”.
Oinarrizkoa ez den zerbitzu ororen etenaldia langileen kontura dekretatzen dela esan du Aranburuk. Neurrion ondorioak ere, langileen bizkar gainean jarri nahi dituztela. “Ez dugu onartuko langileek krisi honen ondorioak ere ordaindu araztea”, adierazi du. Orduak errekuperatu beharra edo inolako osagarririk gabeko ERTEak kritikatu ditu. “Krisi honetatik langileok aktibatuta atera beharko dugu, krisi honen ondorioak gure bizkar gainean erortzea nahi ez badugu, 2008ko krisiarekin gertatu bezala”, erantsi du.
ELAk uste du, dekretua, osasun publikoa lehenesten duen eta normaltasuna azkarrago berreskuratzen duen neurri positiboa dela. Hala ere, sindikatuak ohartarazi du neurri horiek ezin dutela langileak kaltetu, ezta hainbat sektoretako pertsonen artean diskriminaziorik sortu ere.
Gaineratu dutenez, erabakiak agerian uzten du patronalak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak defendatu duten mailaz mailakoa “akats eta arduragabekeria hutsa” zela; “langile klasearen eta kolektibo ahulenen osasunaren eta eskubideen defentsak lehentasuna izan behar du”.
Era berean, funtsezko jardueretako pertsonak lanean ari diren baldintza arriskutsuak salatzen jarraitzen dute bi sindikatuek, kasu askotan osasun eta zaintza lanak emakumeek lan egiten duten sektoreak direla gogora ekarri dute.