Ondarroako Institutua ere babes pantailadun biserak egiten ari da
Ondarroa BHIk Gipuzkoako babes pantailadun biseraren eredua egin du. Zapatuan hogei bisera eraman zituzten Ondarroako Artibai egoitzara.
Ondarroa BHIko arduradunek jakinarazi dutenez, 3D inprimagailua erabilita babes pantailadun biserak egiten ari da, Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako beste ikastetxeekin batera. “COVID Euskadi plataformak pentsatu zuen osasun-sistemak pandemiari bermeekin aurre egiteko material nahikorik gabe gera zitekeela, eta elementu babesleak diseinatzen hasi ziren, tartean babes pantailadun biserak”, esan dute.
Maskaragaz erabili behar da bisera, baina “askoz babes handiagoa eskaintzen du begietarako eta sudurrerako”. Ondarroa BHIgaz batera, 3D inprimagailua duten beste ikastetxe batzuk ere ekimenean parte hartzen ari dira. “Bizkaia eta Arabak biseraren bertsio bat izan dute, eta Ondarroa BHIk Gipuzkoako bertsioa hartu du”.
Joan den astean egindako hogei biserak Ondarroako Artibai egoitzara eraman zituzten, eta esan dutenez, beharraren arabera gehiago ekoiztuko dituztela. “Artibai egoitzakoen eta Ondarroako Osasun Zentroaren beharrizanen arabera, gehiago ekoiztuko ditugu”.