Udaberria etxetik egitasmoa abiarazi du Ondarroako Udalak itxialdia arintzeko
Herritarrek sormena lantzeko Udaberria etxetik egitasmoa antolatu du udalak. Herritarren ekarpenak Alamedan egingo den erakusketa herrikoi eta erraldoi batean jasotzeko asmoa agertu dute.
Koronabirusak eragindako konfinamendu egunetarako egitasmo berezia antolatu du Ondarroako Udalak. Sormena landu eta bizitzen ari garen momentua gordeta uzteko asmoagaz, Udaberria etxetik deritzon egitasmoa abiarazi dute. Udal iturriek azpimarratu dutenez, ez da lehiaketa bat izango. “Sormena lantzeko tresna izango da. Atera barruan daukazuena! Sentitzen duzuena! Leihotik begiratzean ikusten duzuena. Edo ikusi nahiko zenuketena!”.
Baldintza bakarra ipini dute, gaia udaberria izan beharko dela azpimarratu dute. “Udaberriko koloreak, usainak, berotasuna, eguzkiak, loreak, ikuspegiak, kalapitxiak…”. Egunean tartetxo bat hartu eta sortzeko gomendioa egin diete herritarrei. Bakoitzak errezen egiten dituen gauzak egiteko aukera edukiko du: idatziak, marrazkiak edozein materialegaz (oihalak, botoiak…), bideoak, eskulanak… “Hori bai, gaia udaberria etxeetan eta gure bizitzetzetan sartzea izango da”.
Nabarmendu dutenez, egitasmoaren azken helburua konfinamendu egoeran sortutako material guztia jaso eta, Alamedan erakusketa herrikoi eta erraldoi bat egitea dela iragarri dute. Bakoitzak egiten duen guztia gordetzen joateko gomendioa eman dute, eta itxialdia amaitutakoan, erakusketan jasoko dituzte. “Egoera honetatik ateratakoan konturatako gara zer bizi izan dugun. Eta hausnartuko dugu”.