Abian da Mutrikuko Motz Motzian lehiaketa berria
Lanek, gehienez, 4 minutuko iraupena izango dute, eta apirilaren 12a orduko bidali beharko dira We transfer plataforma erabilita nahitaez. Lanak bakarka zein taldeka aurkeztu ahalko dira, euskara hutsean.
Bost urteko geldialdia egin ondoren, Motz Motzian film laburren lehiaketa antolatzea erabaki dute Mutrikuko Zine Forum taldeko kideek. Aurtengoa lehiaketa antolatzen duten seigarren aldia da, eta konfinamendu egoerak hala behartuta egoera ere berezia denez, lehiaketa etxetik egitea proposatu diete aurten herritarrei. “Jendeak bere burua edo gauzak grabatzeko ohitura du. Iruditu zaigu lehiaketa bera aitziakia polita izan ahal dela, zinemaren bitartez ere herriari beste bizitasun bat eman, eta jendeak itxialdian dituen arazoak eta pozak ere konpartitzeko”.
Etxetik mugitu gabe ere gauza asko egin daitekeela uste dute antolatzaileek. “Zinema zaleek etxe barrutik eduki ditzateketen adierazpen artistikoak kanporatzea nahi dugu”. Gaineratu dutenez, mugikor bat nahikoa da film labur bat grabatzeko. “Lehiaketa batez ere etxetik eta denon eskura ditugun baliabideak erabilita grabatzeko pentsatuta dago. Eta hor mugikorra izango da elementurik garrantzizkoena. Guk espero duguna da jendeak bere mugikorrak hartu, eta gehienez ere lau minutuan, istorio txiki bat kontatzea edo ideia nagusi bat jasotzea”.
Lanak aurkezteko epea zabalik dagoela iragarri dute. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Facebooken Mutriku Zine Forum Taldeko orrialdean sartu behar dute, eta Atsegin dut eman. Film laburrak aurkezteko epea, berriz, itxialdiarekin batera amaituko da. Hau da, lanak apirilaren 12a gauerdia baino lehen bidali beharko dira.
Mutrikuarra den edo Mutrikun bizi edo ikasten duen edonork parte hartu dezake lehiaketan, eta lanen gaia, ohi modura, librea izango da. Lanek baldintza bakarra bete beharko dute: euskara hutsean egindakoak eta 4 minutu baino gutxiago iraun beharko dute. Filmak bakarka edo taldeka ere aurkeztu daitezke.
Antolatzaileek azaldu dutenez, film laburrak Internet bidez bidali beharko dira mp4 formatuan; nahitaez We transfer plataforma erabilita bidali beharko dira motz.motzian@gmail.com posta elektronikora, lanaren izenburua, egilearen izena, telefono zenbakia eta adina gehituta. Bideoa bakoitzak nahi duen modukoa egin dezakeela azpimarratu dute; horizontalean zein bertikalean grabatu daiteke. Hori bai, jabetza eskubidea duten irudiekin eta abestiekin kontuz ibiltzeko eskatu dute. “Film laburrean 16 urtetik beherakoak agertzen badira ere, guraso edo tutoreen baimena eduki beharko dute, derrigor. Baimen hori posta elektronikoan gehitu, mesedez. Bestela bideo hori ezingo dugu igo, eta beraz, ez da lehiaketan sartuko”.