Bi mediku ondarrutarrek koronabirusari aurre egiteko adituen ahokuak jarraitzeko eskatu dute
Ondarroako Udalak eskatuta, Eladino Gonzalez eta Begoña Maiz medikuek egin dute bideoa. Besteak beste, etxean geratzeko eta eskuak ondo-ondo eta sarri garbitzeko gomendatu dute.
Ondarroako Udalak eskatuta, Eladino Gonzalez eta Begoña Maiz mediku ondarrutarrek herritarrei zuzendutako bideoa egin dute. Txaloengatik eta emandako babesagatik herritarrei eskerriak emateaz batera, herritarrak gauzak “ondo” ari direla egiten esan dute, eta adituen gomendioak jarraitzeko eskatu dute.
“Horrela jarraitu behar dugu. Koronabirusari aurre egitea eta bere hedapena geldiaraztea denon ardura da, herritar guztiona. Horretarako, adituen aginduak bete eta etxean geratu behar gara”, esan du Gonzalezek. Kalera irten beharra badago, bi metroko segurtasun tartea mantentzeko eskatu dute. “Musuak, besarkadak eta eskua ematea beste baterako utzi eta paperezko mukizapiak erabili. Eskuak sarri-sarri eta ondo-ondo garbitu uragaz eta xaboiagaz, batez ere kaletik itzultzerakoan”. Herriko adinekoei etxetik irteteko derrigortasunik ez daukatela gogorarazi die. “Hor ditugu senideak, lagunak edota herriko boluntarioak laguntzeko prest”. Erosketak egiteko laguntza behar dutenei udaleko telefono zenbakira (608 22 97 95) deitzeko eskatu diete. “Seguruen etxean gaude. Eta ondo sentitzen ez bazarete, deitu osasun zentrora (94-603 79 99). Zuen beharren arabera ahalik eta ondoen artatuko zaituztegu”. Mezuagaz amaitzeko, animoak helarazi dizkie Gonzalezek herritarrei. “Momentu zailak dira. Baina ez etsi, normaltasunera iristeko egun bat gutxiago geratzen da eta”.
Maizek esan du lanean ez dagoenean bera ere etxean dagoela, eta eskuak garbitzearen garrantzia azpimarratu du. “Eskuak ondo garbitu behar dira. Uragaz eta xaboiagaz garbitzea nahikoa da. Hartu zuen denbora ondo garbitzeko”. Eskuekin aurpegia ez ikutzea ere gomendatu du. “Bestetik, maskarak eztula edo katarroa dutenentzako utzi behar ditugu. Gehienok etxean pasatuko dugu hau. Beste batzuek, ostera, ospitalera joan beharra edukiko dute. Denon ardura da zerbitzuak ondo erabiltzea“. Azkenik, zalantzarik edukiz gero, osasun etxera deitzeko edota Osakidetzaren webgunean kontsultatzeko gomendatu du. Maizek ere animoak emateko aprobetxatu ditu bideoko azken sengunduak. “Gogoratu ez zaudela bakarrik, denok gaude hemen. Eta hau guztia aurrera ateratzeko elkarren laguntza behar dugu. Eutsi!”.