COVID-19arekin kutsatutako bi positibo gehiago erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun
Azken 24 orduetan Ondarroan eta Markina-Xemeinen erregistratu dituzte kasu berriak. Atzokoa [apirilak 2] proba gehien egindako eguna izan zela gaineratu dute (1.576). ZIUetako egoera egonkortu da eta ospitalizazioen kopuruak behera egin duela nabarmendu dute.
Tantaka bada ere, kasu positiboak gehitzen daude Lea-Artibain eta Mutrikun ere. Bizkai, Gipuzkoa eta Araban hildakoen kopurua ere gehitzen doa, eta datu horrek oraindik ere “handia” izaten jarraitzen duela esan du Mikel Sanchez Jaurlaritzaren Planifikazio, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak. Hala ere, ikuspuntu epidemiologikotik, egonkortze egoera batean gaudela esan du. “Kutsatuen kopurua hazi egin da, bai, baina proben kopuruak ere nabarmen gora egin du”. Gaur [apirilak 3] emandako datuen arabera, ondokoa da kutsatuta daudenen kopurua eskualdean:
- Markina-Xemein: 9 positibo (1 gehiago azken 24 orduetan)
- Mutriku: 6 positibo (aurreko eguneko datu bera)
- Lekeitio: 6 positibo (aurreko eguneko datu bera)
- Ondarroa: 5 positibo (1 gehiago azken 24 orduetan)
- Etxebarria: 2 positibo (aurreko eguneko datu bera)
- Mendexa: 1 positibo (aurreko eguneko datu bera)
- Berriatua: 1 positibo (aurreko eguneko datu bera)
Bizkai, Gipuzkoa eta Araban 7.827 dira zenbatutako positiboak (atzo baino 510 gehiago). Hiru lurraldeetan ospitaleratuta daudenak 1.841 dira (atzo baino 65 gutxiago). Azterketa lurraldeka eginez gero, ondokoak dira datuak:
- Araba: 2.447 positibo (100 gehiago azken 24 orduetan) / 313 ospitaleratuta (atzo baino 28 gutxiago)/167 hildakoak (+9)
- Bizkaia: 4.024 positibo (342 gehiago azken 24 orduetan) / 1.193 ospitaleratuta (atzo baino 8 gutxiago) / 205 hildakoak (+18)
- Gipuzkoa: 1.356 positibo (68 gehiago azken 24 orduetan) / 335 ospitaleratuta (atzo baino 29 gutxiago)/ 63 hildakoak (+5)
Atzokoa [apirilak 2] proba gehien egindako eguna izan zela gaineratu dute (1.576). Guztira, orain arte 19.627 proba egin dira. “Azpimarratzekoa da atzo proba egin zitzaienen %32ak soilik eman zuela positibo. Bestalde, eta aurreko asteko joera aldatuz, ZIUetako egoera egonkortu da eta ospitalizazioen kopuruak behera egin du; beste egun batez, handitu egin da alta jaso eta osatu diren pertsonen kopurua”. Zehatz esateko, atzo [apirilak 2] 257 pertsonek jaso zuten alta. Gaur arte, 2.809 pertsona dira alta jasotakoak edota gaixotasuna gainditu dutenak.