Urkulluk doluminak emateko, itxaropena edukitzeko eta orain arte bezala jarraitzeko mezua helarazi die herritarrei
Lehendakariak esan du bizi dugun errealitatea "latza" dela. Senide edo hurbilekoren bat galdu dutenei euren mina ulertzen duela esan die. Azken egunetako datuek "itxaropen izpi bat" erakusten dutela eta herritarrei orain arte erakutsitako konpromisoari eusten jarraitzeko eskatu die.
Argazkia: Irekia Konfinamenduaren laugarren asteari ekin aurretik, Iñigo Urkullu Lehendakaria herritarrengana zuzendu da sare sozialen bidez zabaldutako bideoan. Egoeraren zailtasuna aipatu eta herritarrei doluminak eman, itxaropena edukitzeko esan eta orain arte bezala jarraitzeko eskatu die.
“Doluninak eman nahi nizkieke birusaren ondorioz hil diren pertsona guztiekin oroitzeko. Errealitatea latzgarria da. Ulertzen dut familia bakoitzaren mina; maite dituztenak baldintza berezi eta mingarrietan agurtu behar baitituzte. Ulertzen dut zein gogorra izan behar duen senide eta hurbilekoen babesik gabe. Oinaze eta tristura horren aurrean nire sentimendurik zintzoena helarazi nahi dizuet. Jaso ezazue nire doluminak eta elkartasuna”.
Hiru asteko konfinamendua eta gero, lehen aldiz “itxaropen izpi bat” ikusten dela esan du. “Lehen aldiz joera aldaketa positiboa sumatzen ari gara. Heriotzen inguruko albisteak oso gogorrak ari dira izaten, zalantza barik. Baina zenbait datu positibo ikusten gaude, eta horiek itxaropena ematen dute. Guztiok egiten ari zareten ahaleginari esker emaitza onak lortzen ari gara”.
Azken asteak “oso gogorrak” izan direla jakin badakiela esan du, “batez ere osasun arloan edo arlo soziosanitarioan lan egiten duzuenontzat”. Horiei, hain zuzen ere, egunero iluntzeko 20:00etan herritarren aldetik jasotzen duten elkartasun mezua gogorarazi die. “Gaur, berriro, merezitako aitortza horrekin bat egin nahi dut. Ulertzen dut pertsona asko nekatuta egotea, bereziki adinekoak, etxeko txikienak edota gazteak. Ahalegin handia egiten ari zarete, badakigu, eta eskertzen dizuegu”. Baina orain ezin dela etsi gaineratu du. “Orain ezin dugu arreta jaitsi. Une honetan amore emateak egindako guztia galtzea suposatuko luke. Segurtasun neurriak mantentzen jarraitu behar dugu. Konpromiso eta erantzukizun horri eutsi behar diogu”.
Amaitzeko, “ahal duten guztia” egiten ari direla esan du. “Ziurtatzen dizuet normaltasunera itzultzeko dena egiten ari garela, ahal dugun guzti-guztia. Ahalegin partekatu horrek emaitzak ekarriko ditu, urratsez urrats eta egunez egun. Norberaren ahalegina funtsezkoa da egoera hau gainditzeko. Garaipena handiak ahalegin txiki askoz batuz lortzen dira. Guztion artean, bihotz-bihotzez, eskerrik asko”.