Ondarroako Jabekuntza Eskolak topaketa birtualak antolatu ditu
Topaketa birtualak astean behin egingo dituzte, Zoom aplikazioa erabilita. Bertan parte hartu nahi dutenek Etxelilako telefono zenbaki berrira deitu edo idatzi beharko dute.
Alarma egoera dela eta, Etxelila ere itxita dago. Ondarroako udal iturriek azaldu dutenez, arrazoi horregatik topaketa birtualak egingo dituzte Jabekuntza Eskolaren baitan apirilaren 14tik maiatzaren 5era. Topaketa birtual horiek astean behin egingo dituzte Zoom plataforma erabilita. Zehatz esanda, martitzenetan batuko dira 17:00etatik 18:30era.
Ikastaroetan izena emateko argibideak 664 54 73 67 telefonora deituta edo etxelila@ondarroa.eus posta elektronikora idatzita jaso daitezke. Izen emate fitxa beste, posta elektronikoz bidali eta 5 euroko banku transferentzia egin beharko da matrikula osatzeko, kontzeptuan Jabekuntza Eskola jarrita. Honakoa da kontu korrontea: ES37 2095 0058 12 3830434777.
Aldi berean, alarma egoerak irauten duen bitartean, Jabekuntza Eskolako ikastaroetan ere aldaketak egongo direla adierazi dute. Besteak beste, telematikoki emango diete jarraipena ikastaro batzuri. Emakume italiarren literatura ikastaroari modu horretan emango diete jarraipena aurretik izena emanda zeudenekin.
Zoru pelbikoa lantzen ikastaroan, ostera, bideo bitartez eskainiko dituzte zenbait informazio. Aurreratu dutenez, Etxelilak egunotan eskainiko ditu horri buruzko zehaztapen gehiago. “Nagore Bastera irakasleari galderak egiteko aukera ere egongo da, eta erantzunak hurrengo asteko bideoan eskainiko dira”. Silvia Piris Lekuona soziologoak eta Amaia Perez de Orozko ekonomia feministan adituak eskaini beharreko Deriba konfinatuak, ongi bizitze feministarantz ikastaroa ere sarean eskainiko dute. Hizlariek agertu dutenez, egoerak behartuta moldatu egin behar izan dute ikastaroa.
Azkenik, Emakumeen Topalekuagaz komunikatzeko bide berria abian ipini dute. 664 54 73 67 telefono zenbakiari esker, herritarrek Etxelilako arduradunekin zuzenean harremanetan ipinitzeko aukera edukiko dute. Dei bidez ez ezik, Whatsapp eta SMS bidezko zerbitzua ere eskainiko dutela iragarri dute. Etxelilatik gogorarazi dutenez, zuzeneko informazioa Instagram eta Facebook kontuen bidez ere jaso dezakete erabiltzaileek.