Aste Santuan etxean geratzeko deia egin du Lehendakariak
Eusko Jaurlaritza isolamendu sozialeko neurriak luzatzearen alde agertu da. Gobernu Kontseiluak enpleguaren eta gizarte-politiken arloko neurri batzuk ere onartu ditu gaurko [apirilak 7] bileran.
Konfinamendu eta autobabeserako neurriei eutsiz, Aste Santuan etxean geratzeko deia egin du Iñigo Urkullu Lehendakariak gaur [apirilak 7] goizeko Gobernu Kontseiluaren ostean egindako agerraldian. “Egindako lan guztiari eutsi egin behar diogu. Bide onean goaz”, adierazi du. Ildo beretik jarraituz, Segurtasun Sailak bigarren egoitzetara mugitzea saihesteko dispositibo bat antolatuko duela ere jakitera eman du.
Gobernu Kontseiluak enpleguaren eta gizarte-politiken arloko neurri batzuk ere onartu ditu gaurko bileran. Alde batetik, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman diola Gizarte Larrialdietarako Laguntzen zuzkidura 16 milioi euro handitzeari jakitera eman du Lehendakariak. Horrela, 27,5 milioi euroko laguntza horiek 43,5 milioira arte gehitu dituzte.
Bestalde, 76 milioi eurorekin beste hiru laguntza programa sustatu dituztela ere iragarri du: autonomoentzako laguntzak Lanbideren bidez; gazte bermearen sistema; eta kontziliaziorako laguntzak. Horrez gain, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila bazterkeria eta pobrezia egoerei aurre egiteko 10 milioi euroko funtsa gauzatzen hasi da.
Lehendakariak esan du neurri horiek alarma egoeraren luzapena iragarri osteko agertoki batean hartzen direla, datorren apirilaren 26ra arte, hain zuzen. Azaldu duenez, isolamendu sozialerako neurriak luzatzearen aldekoak dira. “Beharrezko luzapena dela uste dugu”. Gainera, domekan [apirilak 5] Espainiako Gobernuko presidentearekin izandako bileran zenbait jarduera egitea ahalbidetuko duen aplikazio malguago bat aztertzeko eskatu zuela adierazi du, “beti pertsonentzako osasun eta segurtasun bermeak mantenduz”.
Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna arreta sanitarioa eta sozio-sanitarioa dela gaineratu du Urkulluk, eta horregatik, lehentasunezkoa izaten jarraituko duela material sanitarioaren eskuragarritasuna bermatzea, ekipo profesionalak indartzea, Zainketa Intentsiboetako Unitate nahikoak izatea eta egoitzetako egoera arreta bereziz artatzea.
Normaltasunera Itzultzeko Plana ere lantzen ari direla jakitera eman du Lehendakariak, etorri daitezkeen egoera posibleei aurrea hartzeko.