Eusko Jaurlaritzak 43,5 milioi euro emango dizkie Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako udaletxeei gizarte larrialdietarako
Lehendik aurreikusita zeukaten kopuruari beste 16 milioi euro gehitzea onartu du gaur [apirilak 7] Gobernu Kontseiluak.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak Gizarte Larrialdietako Laguntzetarako aurreikusita zeukan kopuruari beste 16 milioi euro gehitzea onartu du gaur [apirilak 7] Gobernu Kontseiluak, eta ondorioz, Eusko Jaurlaritzak 43,5 milioi euro emango dizkie guztira, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako udaletxeei.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzen helburua etxebizitzaren mantentzeari eta jantzi, hezkuntza, prestakuntza eta osasun-arretari lotuta dauden funtsezko beharretarako gastu guztiak estaltzea dela azaldu dute. Familiek oinarrizko gizarte-zerbitzuen bitartez eskatu ahalko dituzte laguntzak, eta udaletxeek, Jaurlaritzaren aurrekontu osotik dagokien zati proportzionala jasoko dute gizarte-egoera ahulenean bizi diren biztanleen artean banatzeko.
Bizkaira 9.404.382 euro bideratuko ditu jaurlaritzak, Gipuzkoara 4.073.548 euro eta Arabara 2.522.070 euro.