Sormen Festa Etxetik lehiaketa egingo dute Aste Santuan Markina-Xemeinen
Lehiaketa udalak antolatu du. Parte hartzen duten guztien artean egunero hiru lan onenak aukeratuko dituzte, eta horiek herriko dendetan gastatzeko 50 euroko bonua eskuratuko dute.
Herritarrak etxean egon behar direla eta, Markina-Xemeingo Udalak Aste Santuko oporraldia arintzeko lehiaketa bat antolatu du: #SormenFestaEtxetik. Sare sozialez baliatuta, herritarrek lehiaketan parte hartzeko aukera edukiko dute. Lehiaketa guztietan modura, honetan ere irabazleak egongo dira. Egun bakoitzeko hiru lan onenek herriko dendetan gastatzeko 50 euroko bonu bat eskuratuko dute.
Argazkiak edota bideoak Instagram edota Facebookera igotzeko eskatu dute. Egun bakoitzerako deialdi ezberdin bat egin dute, eta herritarrek egun bakoitzerako udalak zehaztutako traolak erabili beharko dituzte. Lehiaketaren oinarriak egunez egun argitaratuko dituzte udalaren webgunean.
Egitaraua:
- Apirilak 9 (eguena): 10 urtera arteko umeek egindako marrazkia (argazkia). Traola: #lehiaketaMXosteguna
- Apirilak 10 (barikua): Mozorrotutako argazkia (bakarka, familian, binaka…). Traola: #lehiaketaMXostirala
- Apirilak 11 (zapatua): Balkoian grabatutako bideo bat (playbacka, performancea, abestia…). Traola: #lehiaketaMXlarunbata
- Apirilak 12 (domeka): Etxetik duten ikuspegiaren argazkia. Traola: #lehiaketaMXigandea
- Apirilak 13 (astelehena): Etxe barruan grabatutako bideoa (playbacka, performancea, abestia…). Traola: #lehiaketaMXastelehena