100 urte bete ditu Itziar Andonegi mutrikuarrak
1920ko apirilaren 7an jaio zen Itziar Andonegi Sustaeta mutrikuarra, eta betidanik herrian bizi izan da. COVID-19aren alarma egoerak ezarritako konfinamendua dela eta, modu berezian ospatu behar izan zuen mendeurrena.
Mutrikuko elizan eguerdiko kanpaiak jotzen amaitzearekin batera zoriondu zuten hainbat herritarrek atzo [apirilak 7] Itziar Andonegi Sustaeta mutrikuarra. Konfinamendua dela eta, mendeurrena ezin izan zuen lagun, familia eta auzokoekin behar bezala ospatu, baina balkoitik bada ere, egunari kolorea emateko tartea hartu zuten hainbat herritarrek.
Alkateak esan duenez, burua argi eta sasoiko dago oraindik ere Andonegi. Konfinamendua dela eta, eguneroko zereginekin laguntzera joaten zaizkion hurbileko senideekin inguratuta ospatu zuen urtemuga.
Halakoetan egiten den moduan, Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak bisita egin zion urtemugaren egunean, baina atzokoan, Andonegik bere etxeko balkoi azpitik jaso behar izan zuen udal ordezkarien omenaldi xumea. Bertaratu ziren udal ordezkariek, Ainhize Azpiazu zinegotziak txistu eta danbolinaz lagunduta, Zorionak zuri abestu zioten, momentu horretan kaletik igarotzen ari ziren eta inguruko etxebizitzetan bizi diren herritarrekin batera. Eta kantuan amaitzean, txalo zaparrada batekin aitortza egin zioten balkoian hunkituta zegoen omenduari.
Zorion mezuak eta opariak ere jaso zituen udal ordezkarien partez. Mutrikuar guztien izenean alkateak idatzitako zorion agurra helarazi zioten, pasta kaxa batekin batera. Jakina den arrazoiengatik, gerorago ospatuko dute urtemuga behar den moduan.