Errepideetan kontrolak areagotuko dituzte Aste Santuko joan-etorriak eragozteko
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kontrol bereziak egingo ditu berriro ere errepide eta garraio geltokietan, Aste Santuko egunetan joan-etorriak kontrolatzeko.
Neurria gaur [apirilak 7] abiarazi dute, alarma egoeran herritar guztien osasun bermatzeko asmoagaz. Azpimarratu dutenez, kontrolen helburua hurrengo opor egunotan jendea bigarren etxebizitzetara joatea eragoztea da. Ohartarazi dutenez, konfinamendu neurriak ez betetzeak Herritarren Segurtasunerako Legeak urratzea dakar. “Arau hauste arinen kasuan isuna 600 eurora artekoa izan daiteke, eta kasu larrietan, hortik gorakoa”.
Egingo dituzten prebentziozko kontrol horien bidez alarma egoeraren ondorioz ezarritako jarduera eta mugimendu murrizketak betetzen direla bermatu, eta herritar guztien osasuna babestu nahi dutela gogorarazi dute. “Gogora ekartzen da une hauetan pertsonek, funtsean, baimendutako lan-jarduerak edo premia biziko jarduerak egiteko bakarrik zirkulatu dezakete bide publikoetatik zehar. Debekatuta daude oporretako edo aisialdirako joan-etorriak; konfinamendua ohiko bizilekuan bete behar da”.
Ertzaintzaren eta udaltzaingoen patruilek kontrolak jarriko dituzte datozen egunotan, ezarritako debekuak betetzen direla ziurtatzeko. Era berean, desplazamenduaren arrazoiak argitasun osoz eta egiaztatzeko moduan justifikatzeko eskatu ahal izango dizkiete gidariei. “Frograketa horiek errepidean nahiz garraio kolektiboaren geltokietan egingo dira”. Gaineratu dutenez, Ertzaintzak errepideetako edo horietako zati batzuetako zirkulazioa eten ahal izango duela jakitera eman dute.