"Inor gutxik nahi du bere etxebizitzara inor lanera sartzea"
Espainiako Gobernuak martxoaren 28ko dekretua aldatu, eta eraikuntza sektoreko autonomoei konfinamendua altxa zien; haien langileek, baina, etxean geratu behar izan dute, segurtasunagatik.
Espainiako Gobernuak orain dela bi asteko zapatuan (martxoak 28) ezarritako dekretuak ez funtsezko jarduera guztiak eten zituen. Hori arautzen duen dekretua Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten: martxoaren 30etik apirilaren 9ra arte egon da indarrean funtsezkoak ez ziren jarduerak eten dituen dekretua.
Osasun krisi honetan ere, baina, autonomoen egoera ez zen kontuan hartu dekretua egiterakoan. Autonomo askok ezin dituzte lanorduak berreskuratu; eta lan egin ezean, ez dute kobratzen. Egoera horren aurrean, Abat Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Autonomoen elkarteak, beste hainbat elkarteagaz batera, dekretua aldatzea eskatu zuten, «autonomoak betiko ahaztuak direla salatuz». Hala, Dekretua indarrean jarri eta hiru egunera, BOEn jaso zuen Espainiako Gobernuak aldaketa. Autonomoek lanean jarraitu zezaketen. «Baina lanean, zelan?», galdegin zuten eraikuntza gremioetan ari direnek. «Zelan jarraitu lanean, jendea etxean konfinatuta dagoenean? Norbere eta gainerakoen osasuna arriskuan jartzea baino, ez litzateke zentzuzkoagoa izango laguntzak bideratzea?».
Enpresaren titularrek lan egin ahal izan dute egunotan, baina haientzak lan egiten dutenek ez, haiek etxean geratu dira, «osasuna bermatze aldera». Subkontratatu ahal izan dute, baina ezin izan dituzte kanpo zerbitzuak jaso. Modu horretan, hortaz, ze lan egin daiteke? Inor gutxik nahi du bere etxebizitzara inor lanera sartzea, eta inor gutxi ari da orain momentuan geroagorako aurreikuspenak egiten. Egoera noiz arte luzatuko den jakin arte, ezinezkoa da. «Joan den astean etxean geratu ginen, eta aste honetan, etxe huts batean hasita geneukan lanekin jarraitu dugu. Aste Santuko egunen ostean, bertan jarraituko dugu lanean, azkenengo ikutuak ematen», aipatu du Ondarroako pintore batek. Hori amaitutakoan, aurretik lotutako lanen bat edo beste bai, baina askorik ez zaie geratuko egiteko.
Mugikortasuna guztiz etetea erabaki duenik ere badago. Hori egin du Lekeitioko pintore enpresa batek. «Alarma egoera ezarri zenean, duda-mudatan ibili ginen, ez genekien laguntzarik egongo zen. Kontzienteki erabaki genuen geratzea, mundu guztia geratu behar zela, eta enpresa zarratu genuen».
Haserre. Apirilaren 26ra arte luzatu du Pedro Sanchezek konfinamendua, baina, aldiz, eguen santu egunez –edo Aste Aste Santuko oporren ostean– lanera itzuli beharko dira martxoaren 28ko dekretua aurretik lanean ari zirenak. «Egoera hau benetan amaitu nahi badugu, Munduko Osasun Erakundeak esaten duena egin behar da, ahal denik eta mugikortasun gutxien egotea kalean, ahalik eta gutxien elkar kutsatzeko. Agintariak, antza, gorrak dira, edo ez dakite zientifikoen aholkuak aintzakotzat hartzen. Ez dauka ezelako zentzurik asteburuak eta beharretik kanpoko orduak etxean egotea, baina lanera joatea danok. Oso haserre gaude».
Galerak bai, eta laguntzak? Eraikuntza sektorean lan egiten duten askok galera ekonomikoak izango dituzte COVID-19ak eragindako krisian. Eta autonomoentzako iragarri dituzten laguntzak, laguntzak baino gehiago atzerapenak izateaz kexu dira. Laguntzaren bat jasotzeko, azken sei hilabeteko fakturazioaren bataz bestekoa erakutsi, eta diru sarrerak %75 jaitsi direla frogatu beharko dute, eta hori baietatuz gero, kotizatzen dutenaren %70 kobratuko lukete. «Ez da erraza neurri horiek betetzea. Eta beti eta beti ari gara hitz egiten martxoagatik. Apirilekoa justifikatu egin beharko dute? Ez dakigu», azaldu du Ondarroako aholkulari batek. Lanbidek iragarri duen laguntza bat zertan gauzatzen den jakiteko zain daude. «Orain dela bi aste saldu zuten neurri sorta bat. Lerro horrek diruz lagunduko ditu Gizarte Segurantzako kotizazio gastuak eta alokairu errentak, pertsonako gehienez 3.000 eurokoa».