OGA testigantzak batzen hasi da egungo egoerak herritarrak nola kolpatu dituen bistaratzeko
Errealitatea bistaratzeaz gain, salaketa kanpina bat ere egin nahi dutela esan dute Ondarroako Gazte Asanbladako kideek.
Gaur egun bizi dugun egoeraren dimentsioa “handia” dela eta osasun krisi bat izatetik krisi ekonomiko eta sozial bat izatera pasatu dela diote. “Kapitalak krisi hauek erabiltzen ditu gizartea berak nahi modura moldatzeko eta langileon esplotazioaz baliatuta irabazi tasarik ahalik eta handiena mantentzeko”. Bizi dugun egoera ez dela urrunekoa erakusteko eta herritarrak “errealitatearen gordintasunaz” jabetzeko testigantza bilketa bat abiarazi du. Eta bide horretatik, errealitate horren salaketa egingo dutela gaineratu dute.
Testigantzak batzeko galdetegi bat prestatu dutela argitu dute. “Galdera desberdinak dira eta hiru esparrutan banatu ditugu: etxebizitza, lana eta ikasleak”. Kanpainaren berri emateaz batera, herritarrei ekarpenak egiteko eskatu diete. “Guzti hau aurrera eramateko eta posible egiteko, zuen testigantzak elkarbanatzeko gonbidapena luzatzen dizuegu”; posta elektronikoz (ogaondarru@gmail.com) edo telefonoz deituta (672 08 29 01/688 84 28 30) jarri ahal da haiekin harremanetan.
“Krisi honek langileon sektore zapalduenak oraindik ere gehigo astinduko ditu. Horren adibide dira kaleratzeak, denbora tarte baterako erregulazio espedienteak, erregulazio espedienteak eta dena delakoak”. Momentu honetan lanik barik geratu diren herritar batzuk “bizirauteko bitarteko barik” daudela mahairatu dute. “Ondorioz, ez daukate etxebizitza ordaintzeko dirurik eta kaleratzeko arriskuan daude. Beraz, etxebizitzaren arazoa larriagotu egingo da”.
Osasun krisiaren aitzakiagaz, “indar polizialak burutzen ari diren kontrol sozial eta errepresioaren bidez” herritarrek antolakuntzarako duten ahalmena ere kendu egin dutela diote. “Ezin gara batu, protestak egin eta abar luze bat. Osasun krisiaren aitzakigaz bertan behera utzi dizkigute gure eskubide zibil eta politiko guztiak, eta, orain arte, gu ez gara erantzun bat emateko gai izan”.
Horren guztiaren aurrean, OGAko kideek esan dute ez dutela euren antolakuntza alboratuko, eta eskuartean dituzten bitartekoak erabiliz asanbladak egiten ari direla, “beti ere gaixotasunak suposatzen duenaz kontziente izanda eta arduraz jokatuta”.