COVID-19aren aurrean ez erlaxatzeko eskaria egin die Ondarroako Udalak herritarrei
Gogora ekarri dutenez, herritarrak ez dira atera behar egunero erosketak egitera, "bakarrik derrigorrezkoa denean".
Herriko kaleetan behar baino jende gehiago ikusita COVID-19aren aurrean ez erlaxatzeko eskaria egin die Ondarroako Udalak herritarrei. Orain arteko datuak onak diren arren, egoeraren larritasuna eta hedadura zelakoak diren ikusita, neurriak ez betetzeak arriskuak handitzea dakarrela gogora ekarri dute.
“Orain arte ondo bete ditugu hartutako neurri zuzentzaile guztiak, baina horrela jarraitu behar dugu. Ezin gara erlaxatu, bestela ziztu bizian haziko da kutsatutako ondarrutarren kopurua”, adierazi du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. Berriro gogora ekarri duenez, herritarrak ez dira atera behar egunero erosketak egitera, bakarrik derrigorra denean: “denon segurtasunerako hobe da egun batzuetarako erosketak egitea, eta batez ere pertsona nagusien kasuan. Ez gara egunero joan behar erosketak egitera, arriskuak handitzea sortzen baitu horrek, bai norberarentzat, bai gainontzeko herritarrentzat eta baita dendarientzat ere”.
Ondarroako Udalak beharrezko neurri guztiak hartzen jarraituko duela azaldu du alkateak, eta eskerrak eman dizkie herritarrei gehiengoak neurri guztiak betetzen dituelako: “badakigu neurri asko gogorrak direla herritarrentzat, baina uste dugu momentu hauetan neurri horiek direla egokienak Ondarroan Koronabirusak ahalik eta indar gutxien eduki dezan”.
Gogoan eduki ditu bai eta osasungintzan edota herritarrei zerbitzua edo laguntza eskaintzen ari direnak ere. “Eskerrak eman nahi dizkiet osasungintzako profesionalei, dendariei, garraiolariei, baserritar eta arrantzaleei, farmazilariei, egoitzako langileei, garbitasunekoei, udal brigadari, udaltzainei eta larrialdi zerbitzu guztiei. Eta zelan ez, esker bereziak herriko boluntario sarean hara eta hona herritarrei laguntzen ari zaretenoi eta maskarilak egin dituzuen guztioi”.
COVID-19 ez hedatzeko neurriak ondorengoak dira:
- Etxean geratu.
- Astean behin egin erosketak, egunero etxetik ez ateratzeko. Erosketak egiteko laguntza behar baduzu deitu telefono honetara: 608 22 97 95
- Txakurra ateratzea baimenduta dago, baina norbere etxearen inguruan eta denbora tarte laburrean. Kakak beti batu behar dira.
- Neurri guztiek herritarrak kutsatzea ekiditea dute helburu, beraz errespetuz jokatu eta ez bota zikinik behegainera: zigarroakā¦
- Jarraitu osasun sailaren gomendioak.