Negozio txikiei laguntzeko bonu kanpaina bat abiarazi dute Bizkaian
Herritarrek 15 eta 30 euroko bonuak erosi ahalko dituzte, baina horien balioa 20 eta 40 eurokoa izango da, hurrenez hurren. Herritarrek eguenean [apirilak 23] edo barikuan [apirilak 24] erosi ahalko dituzte bonuak.
BBK Fundazioak eta CECOBIk Bizkaiko negozio txikien «biziraupena ziurtatzeko» web plataforma solidarioa jarriko dute martxan. Erosketa bonuen sistema erabiliz, herritarrek gaur egun itxita dauden dendetan erosketak aldez aurretik egin ahalko dituzte. «Erosketa aurretik egiten bada ere, bonu trukaketa dendak zabaldu eta gero egin ahalko dute».
Herritarrek 15 eta 30 euroko bonuak erosi ahalko dituzte, baina horien balioa 20 eta 40 eurokoa izango da, hurrenez hurren. «15 euroko bonuari BBK-k 5 euro gehituko dizkio, eta 30ekoari 10 euro». Herritarrek eguenean [apirilak 23] edo barikuan [apirilak 24] erosi ahalko dituzte bonuak.
Kanpaina horretan parte hartu nahi duten establezimenduek aldez aurretik izena eman behar dute; apirilaren 23an amaituko da izena emateko epea.
Kanpaina horregaz, establezimenduetako arduradunek «berehalako likidezia» edukiko dutela eta, horrela, denda txikien «biziraupena sustatzen» dela diote. «Dendek egun gutxi pasa eta gero jasoko dituzte erosketen diru sarrerak». Bonuak abenduaren 31ra arte erabili daitezkeela esan dute.
Elkarlaguntzaren premia. Kanpainan alarma egoeragatik itxita dauden establezimenduek parte hartu dezakete. Leartibai Garapen Agentziko ordezkariek diote «aukera ona» dela. «Momentu honetan dendetako arduradunek daukaten likidezia arazoari irtenbidea emateko aukera bat da».
Establezimenduetako arduradunei informazioa helarazteaz gain, herritarrei ere bonuek eskaintzen duten abantailaz baliatzeko eskatu diete. «Elkar lagundu behar dugu. Gure herriak eta negozioak bizirik behar ditugu. Kontsumitzen dugun moduak bizi garen gizartea eraikitzen du. Aukeratu herriko saltoki txikia!».