Aldi berean zortzi ontzik deskargatu ahal izango dute antxoa Ondarroan
Hilabetez etenda egon ostean, atzo berrabiarazi zuten antxoa kanpaina. Ezohiko babes neurriak hartu beharko dituzte arrantzaleek; besteak beste, ontzi bakoitzetik bost langile lehorreratu ahal izango dira.
Hilabetez ontziak portuan lotuta egon ostean, koronabirusa ez kutsatzeko ezohiko babes neurri bereziekin ekin diote antxoaren arrantzuari baxurako arrantzaleek. Bizkaiko, Gipuzkoako, Kantabriako, Asturiasko eta Galiziako kofradiek hala adostuta, astelehenean [apirilak 20] ekin zioten berriro kanpainari.
Arrantzaleek, hain zuzen ere, itsasoan zein arraina porturatzeko orduan segurtasun neurri horiek bermatu beharko dituzte. Portu bakoitzak neurri propioak hartu ditu. Ondarroan, esate baterako, aldi berean egin daitezkeen ontzien deskarga-kopurua mugatu egin dute. “Zortzi ontzi baino gehiago ezin dira moilan egon deskargatzen. Momentuz, muga hori jarri dugu”.
Kutsatzea saihesteko asmoagaz, gainera, portua ahalik eta gutxien ikutzen ahaleginduko dira arrantzaleak; arraina deskargatu, eta itsasontzira bueltatuko dira arrantzaleak. Egidazu Kaian, esaterako, ontzi bakoitzetik lagun bakarra lehorreratu ahal izango da arrain laginagaz.
Arraina deskargatzen, berriz, ontziko lau marinel aritu ahal izango dira zeregin horretan. “Ontzi bakoitzak bi orga erabili ahal izango ditu, eta orga bakoitzagaz, lagun bi ibili ahal izango dira. Moilan, gehienez, ontzi bakoitzeko bost lagun egon daitezke. Beste guztiek ontzi barruan egon beharko dute arraina sailkatzen”. Arrantzaleek, gainera, maskarak eta eskularruak jantzi beharko dituzte, eta ahal den neurrian, segurtasun distantzia mantendu beharko dute bai ontzian eta baita portuan lehorreratu eta deskarga egiterako orduan ere.
Ostarilaritzaren itxierak, gainera, produktua merkaturatzeko zailtasuna ekarri du, eta horrek ere, neurri handi batean, arrainaren kontsumoa eta ondorioz, prezio amiltzea ekarri zuen. Eskaintza txikituta, prezioak zer edo zer handituko direlakoaren esperantzan, egunero arrantzatu ahal daitekeen kopurua ere mugatu egin dute. Ontzi handienek, gehienez, 6.000 kilo antxoa arrantzatu ahal izango dituzte; berezkoa baino %40 gutxiago. Txikienek (hamabi marinel baino gutxiago, eta 120 GTtik behera), berriz, 4.400 kilo; berezkoa baino %45 gutxiago.