Erdi Aroko jaia bertan behera laga du Ondarroako Udalak
Jaia urtebete beranduago egingo dutela iragarri dute, Ondarroako hiribilduaren 694. urteurrenagaz bat eginda.
Ondarroako Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, irailaren 26an egitekoa zen Erdi Aroko jaia bertan behera uztea erabaki dute. Egun horretan Ondarroako hiribilduaren 693. urteurrena betetzen dela ospatuko zuten, baina berau ospatzeko antolaketa lanak egitea ezinezkoa dela ikusi du udalak, “gaur egungo egoerak ez duelako ahalbidetzen jaia antolatzeko egin beharreko aurretiazko lana burutzen”.
Udalak azpimarratu duenez, jaia bertan behera uztearen arrazoia ez da izan COVID-19ak eragindako osasun krisiak irailaren 26an eduki dezakeen eragina, baizik eta aurretiazko lanak egiteko aukerarik ez edukitzea. “Jaia irailean izan arren, apirilean ginen hastekoak antolaketa lanekin. Ezinezkoa da jai guzti hori antolatzen aritzen garen herriko talde eta eragile guztiak batu eta koordinatzea: ikastetxeak, herriko taldeak, denda eta tabernak, udala…” adieraz du Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak.
Jaia bertan behera geratu bada ere, urtebete beranduago ospatzeko asmoa agertu du udalak, hiribilduaren 694. urteurrenagaz bat eginda. Kultura zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie jaia antolatzen laguntzeko prest agertu diren guztiei. “Aurten egin ez arren, asmo eta ideia guztiak datorren urterako gorde, eta jai ederra egingo dugu 2021eko irailean”.
Jaia, berez, lau urtetik behin egin da, eta hurrengoa, “berez zegokion moduan”, 2024ko irailean ospatuko dutela iragarri dute.