Gobernuei eta MOEri paziente eta langileen hizkuntza eskubideak errespetatzeko eskatu diete
Osasun arreta tokiko hizkuntzetan eman behar dela aldarrikatu du Aintzat ekarteak, eta aldarrikapen horrekin bat egin du Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak. Nazioarteko erantzun bateratu bat eman asmoz, atxikimendua adierazteko orrialdea sortu dute.
Gobernuei eta Munduko Osasun Erakundeari osasun arreta tokiko hizkuntzetan eman behar dela aldarrikatu die Aintzat ekarteak, eta aldarrikapen horrekin bat egin du Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak. Nazioarteko erantzun bateratu bat eman asmoz, atxikimendua adierazteko orrialdea sortu dute; besteren artean, galestarrekin eta Kanadako frankofonekin batera sortu dute.
Diotenez, koronabirusak sortutako egoeran ugaritu egin dira pazienteei arreta emateko gaztelera hutsezko praktikak, baita langileei jakinarazpenak bidaltzekoak ere. “Euskara eta munduko beste hainbat hizkuntza gutxitu gaixo eta konfinamendu egoeran daude COVID-19ak sortutako egoera dela eta”. Egoera horretan, osasun arreta euskaraz ematea “inoiz baino beharrezkoagoa” dela diote: “Ospitaleetan edo etxean bakarrik dauden horiek, edota euskara ohiko hizkuntza dutenek, euskarazko arreta soziosanitarioa premiazkoa dute”. Halaber, osasun langileek jasotzen dituzten jakinarazpenak ere, euskaraz jasotzeko eskubidea dutela diote, eta alarma egoera ezin dela aitzakia izan azpimarratu dute.
Ekimenagaz pazienteen eta langileen oinarrizko hizkuntza eskubideak bermatzeaz gain, Europako Kontseiluaren deiari ere erantzuna emateko eskaera irmoa egingo dutela diote: “Administrazioek herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatu behar dituztela, alarma egoeran egonda ere”.
Europar Kontseiluaren deia. Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak matxo bukaeran ohartarazi zuenez, herrialdeek ez dituzte partekatu koronabirusari buruzko informazio eta jarraibideak estatuko hizkuntza ofiziala ez den beste hizkuntzetan. Batzordeak, gainera, gomendioak hizkuntza horietan komunikatzea oso garrantzitsua dela adierazi zuen, “eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunen ongizaterako”.