Danborrada herrikoia egingo da Markina-Xemeinen
Bihar [apirilak 24] egingo da danborrada, 20:00etako txaloen ostean. Zuriz janzteko eskaria egin dute.
COVID-19-aren eraginez bizi den egoera alaitu asmoz, danborrak jotzera animatu dituzte herritarrak Markina-xemeingo Guraso Elkarteak eta Uhagon kulturguneak. Danborrada herrikoia bihar [apirilak 24] egingo da, 20:00etako txaloen ostean.
Etxebizitzetako balkoi edo leihoetara bakoitzak ahal duen modura irtetzea da asmoa, danborragaz duenak edo bestela koilara eta sardexkak erabili daitezke zarata egiteko. Parte hartzaileei, hori bai, zuriz janzteko eskatu diete antolatzaileek, eta nahi izanez gero, txapelagaz.
Azaldu dutenez, udaltzaingoak igaroko dira ibilgailuagaz, herriko kale eta auzoetatik, Diana abestiaren doinua megafonia bidez zabalduz. Auzo bakoitzak nahi duenean eman ahalko dio amaiera ekitaldiari. Aurreratu dutenez, dron bategaz grabatuko dute ekitaldia.