Euskal biztanleen immunitate maila neurtzeko azterketak egiten hasi dira
Hasiera batean koronabirusa diagnostikatu dieten pertsonei egingo dizkiete probak. Dena dela, herritarrei zuzendutako azterketa bat ere egiten hasiko direla esan dute.
Datozen asteetan Bizkai, Gipuzkoa eta Araban aldi berean gauzatuko diren bi ekimen jarri direla martxan jakitera eman du gaur [apirilak 27] Nekane Murga Osasun sailburuak, “COVID-19aren aurrean euskal herritarren immunitate mapa osatzeko”.
Baieztatu duenez, gaur goizean [apirilak 27] bertan hasi dira Osakidetzako osasun-zentroetan Osasun Sailak sustatutako baheketa-planean aurreikusitako odol-ateratzeak egiten. Epidemiaren fase gogorrenean erakutsitako sintomengatik koronabirusa zutela diagnostikatutako pertsonei egingo dizkiete probak; benetan zenbatek izan zuten gaixotasuna eta ea antigorputzak sortu dituzten jakin nahi dute. Guztira, klinikoki 4.147 lagun diagnostikatu zituzten COVID-19arekin otsailaren 28tik apirilaren 15era arte.
Pazienteak ekimenean parte hartzera gonbidatu dituzte azken egunetan, eta, guztira, 600 paziente baino gehiagogaz jarri dituzte hitzorduak Osakidetzako osasun-zentroetan odol-ateratzeak egiteko.
COVID19arekin sintomatologia bateragarria zuten pertsonei bereziki zuzendutako bahetze horrez gain, herritarrei zuzendutako azterketa bat ere hasiko dira gaur egiten. Azaldu dutenez, azterketa hori Carlos III Osasun Institutuak diseinatu eta Osasun Ministerioak sustatu du. Osasun Saila eta Osakidetza prest daude seroprebalentziako azterketa horregaz lanean hasteko. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabaren kasuan 5.000 lagun baino gehiagok parte hartuko dute.