Herritarren esku ipini dituzte Minbiziaren Aurkako Elkartearen baliabideak
Zerbitzua, bereziki, ospitaleratuta, isolatuta edo egoera zailean daudenei eskaintzeko asmoa dute.
Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko ordezkariek jakitera eman dutenez, minbizia duten pertsonei eta haien familiei arreta emateko dituzten baliabide eta zerbitzu psiko-sozialak COVID-19ak kaltetutako herritarren eskura ipini dituzte. Azpimarratu dutenez, zerbitzu hori, bereziki, ospitaleratuta, isolatuta edo egoera zailean daudenei eskaintzeko ematea erabaki dute. Modu horretara “Gipuzkoarekin eta gipuzkoarrekin duten konpromisoa berritu“nahi dute jendarteak bizi duen garai zail hauetan.
Honakoak dira eskaintzen dituzten zerbitzuak: dolu prozesuetan laguntza, aholkularitza juridikoa, larrialdietako laguntza sozioekonomikoak, material ortopedikoaren mailegua (makuluak, gurpil aulkiak, ohe artikulatuak…) eta helduentzako zein adingabeentzako laguntza psikologikoa. Era berean, behar dutenei telefono bidezko laguntza ere eskainiko diete. “Gure boluntarioek modu aktiboan laguntzen diete bakartuta edo bakardade egoeran dauden pertsonei, telefono bidez”.
Iragarri dutenez, zerbitzu horiek guztiak doan emango dituzte. Halakoren bat edo beste behar dutenek, elkarteak horretarako ipini duen telefono zenbakira deitu besterik ez dute izango. “695 29 06 02 telefonora lasai deitu”. Informazio gehiago www.aecc.es/zurekin webgunean ere aurki daiteke.