Egoerara egokituta, Berriatuak prest dauka San Gregorio jaietako egitarau berezia
Alde batetik, saio batzuk zuzenean eskainiko dituzte sare sozialen bidez. Bestetik, herritarrek ere parte hartu ahalko dute zenbait ekintzatan, eta horiei sare sozialen bidez emango diete zabalkundea.
Zapatuan [maiatzak 2], eta ezohiko egoeran botako dute aurtengo Berriatuko San Gregorio jaiei hasiera emateko txupina, pregoi eta guzti. Eta maiatzaren 10era bitartean, Berriatuko Jai Batzordeak herritarrekin elkarlanean prestatutako egitaraua jarraitu ahalko etxetik.
Alde batetik, saio batzuk zuzenean eskainiko dituzte sare sozialen bidez. Bestetik, herritarrek ere parte hartu ahalko dute zenbait ekintzatan, eta horiei sare sozialen bidez emango diete zabalkundea. Lea-Artibai eta Mutriku mailan, Berriatua izango da herriko jai patronalak modu berezi honetan ospatuko dituen lehendabiziko herria.
Jai batzordeko kideek azaldu dutenez, hasieratik zeukaten argi jaiak nola edo hala ospatuko zituztela. “Argi geneukan jaiak ezingo genituela orain arte ospatu izan ditugun moduan ospatu. Argi geneukan ezingo genuela 700 lagunetik gorako paella jana antolatu. Baina argi geneukan baita ere jaiak ospatu egingo genituela, etxetik bada ere”.
Ospatzearen alde eginda, hurrengo pausoa herritarrek gehien parte hartzen duten ekintzak nola antolatuko zituzten erabakitzea izan zen. “Herritarrek Kaxero Gaupaseroren jaitsieran (herritarrek 10 bideo inguru bidali dituzte), eta pintxo, paella eta playback lehiaketetan parte hartzen dute gehien. Ez bakarrik ikusten, baita ere ekintza horiek egiterakoan. Beraz, horiek bai edo bai ospatzea adostu genuen”.
Arazorik handiena herritar guztiengana heltzeko bidea topatzea izan dela diote. “Arazoa ez da izan zelan egin. Arazoa alde teknologikoan egon da”. Bateko eta besteko ideiak batuz, eta herritarrek herritarrentzako jaiak prestatu dituzte, inoiz baino gehigo. “Herriko artista eta bertsolariekin jarri ginen harremanetan, eta haiek prest agertu ziren. Beraz, guztiei eskerrak eman behar dizkiegu”.
Umeentzako zer edo zer antolatzeko pentsatzen hasita zeudela, herriko guraso elkarteak danborrada egiteko proposamena egin zien. “Proposamenak oso ondo enkajatzen zuen. Eta egun hori girotzeko musika saioa gehitu genion gero”.
Oro har, ekintza guztiak herritarrek eginda eta herritarrek parte hartuta gauzatuko dira, magia ikuskizuna kenduta. “Denok etxean egonda, ez zegoen aparteko kontratazioak egiteko beharrik. Baina adin guztientzako ikuskizun bat ere eskaini nahi genuen. Eta hor sartu genuen magia ikuskizuna. Etxetik erraz jarraitu eta ikustekoa”.
Egitaraua ilusioz eta herritar guztiek ondo pasatzeko helburuagaz antolatu dutela esan dute. “Orain, herritarrek parte hartu dezatela. Egoera honen aurrean ere, San Gregorio jaiak ospatu ditzagun!”.
EGITARAUA:
- Maiatzak 2 (zapatua):
- 12:00etan: Pregoia eta txupina. Jitsi Meet plataformaren bidez jarraitu ahalko da (zuzenean). Horrez gain, herritarrek Kaxero Gaupaseroren abestia abesten bidalitako bideoekin egindako bideo muntaia ere ikusgai Jarriko dute Berriatuko Jai Batzordearen Facebook profilean eta Youtubeko kanalean.
- 12:30etik aurrera: Pintxo erakusketa (Facebook bidez). Herritarrek etxean pintxoa egin eta argazkia Facebookera igo ahalko dute, Jai Batzordea etiketatuta. Horren jarraipena Berriatuko Jai Batzordearen Facebook profilean egin ahalko da.
- 17:00etan: Odei Domingo magoaren magia ikuskizuna (Jitsi Meetetik, zuzenean).
- Maiatzak 8 (barikua):
- 19:00etan: Playback saioa, Youtube plataformaren bidez (zuzenekoa). Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman behar dute; izena emateko ondoko posta elektronikora bidali behar da mezua: kultura@berriatua.org. Mezuan ondoko informazioa eman behar da: Gaian ‘Playbacka’ ipini behar dute, eta mezuan parte hartzaileen izenak eta telefono zenbaki bat.
- Maiatzak 9 (zapatua):
- 12:00etan: Bertso saioa, Youtube plataformaren bidez.
- 12:30ean: Irrintzi saioa, (Jitsi Meetetik, zuzenean).
- Ondoren: Paella erakusketa. Herritarrek etxean paella egin eta argazkia Facebookera igo ahalko dute, Jai Batzordea etiketatuta. Horren jarraipena Berriatuko Jai Batzordearen Facebook profilean egin ahalko da.
- 20:30ean: Erromeria, Izarra Aizpuruaren eskutik (Jitsi Meetetik, zuzenean).
- Maiatzak 10 (domeka):
- 12:00etan: Haurren danborrada (Jitsi Meetetik, zuzenean).
- 18:30ean: Haurrentzako DJ saioa, Txomin L.-ren eskutik (Jitsi Meetetik, zuzenean).
- 19:30ean: Jaiak agurtzeko kantu emanaldia, Marenen eskutik (Jitsi Meetetik, zuzenean).