Ispasterko, Mendexako eta Etxebarriko udalek ere diru sail bat bideratuko dute COVID-19ari erantzuteko
Markina-Xemeingo eta Lekeitioko udalek egin modura, EAJ agintean dagoen Lea-Artibaiko gainerako herriek ere diru sail bat bideratuko dute koronabirusaren eragina "txikiagotzeko".
Lea-Artibaiko EAJk esan duenez, Lekeitioko eta Markina-Xemeingo udalek egin legez, EAJ agintean dagoen Lea-Artibaiko beste herriek ere diru sail bat bideratuko dute COVID-19ak eragindako egoera “txikiagotzeko”. Etxebarriko Udalak 25.000 euro bideratuko ditu, Ispasterrek 22.000 eta Mendexak 13.000.
“Alderdi jeltzaleak beharrezkotzat jotzen ditu tokian tokiko neurri zehatzak eta arinak hartzea familia, enpresa eta autonomoak jausi ez daitezen. Horrela egin ezean, gerora eskualdeko udalerri ezberdinetako ekonomiek izango dituzten ondorioak saihestea are zailagoa izango da”, esan dute. Guztira, beraz, EAJ agitean dagoen Lea-Artibaiko bost herriek 430.000 euro bideratuko ditu horretara.
Diru sail horiek alarma egoeraren ondorioz egoera larrian dauden herritarrei eta jarduera eten behar izan duten denda, ostalari eta autonomoei laguntza ematera bideratuko dira. “Beti bezala, lehentasuna pertsonak dira, eta horretarako gizarte larrialdian dauden personei laguntzeko, udalek baliabide ekonomiko nahikoak ipini eta aurrerantzean ere beharrezko pausoak emango dituzte”.
Bideratuko dituzten laguntzak itzuli beharrik gabekoak izango direla esan dute. “Udalerri horietan egoitza fiskala duten txikizkako merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresei zuzenduta egongo dira”. Bestetik, tokiko merkataritzan eta ostalaritzan kontsumoa sustatzeko kanpainak eta hubileko turismoa sustatzeko eta erakartzeko kanpainak ere bideratuko dituztela esan dute. Eta horiek merkatari elkarteekin elkarlanean garatuko direla esan dute.
Herritarrei ere eskerrak eta zorionak eman nahi izan dizkiete jeltzaleek, “egoeraren aurren daukaten jarreragatik”. Bereziki, boluntario lanetan, osasun arloan, esparru sozio-sanitarioan, oinarrizko zerbitzuetan eta segurtasun arloan lan egiten dutenak aipatu dituzte. “Denok batera, elkarrekin, lortu dugu!”.