Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdia bertan behera utzi behar izan dute
Momentu honetan egitea ezinezkoa dela azaldu du udalak, jaialdiaren ikusle kopuru handiagatik eta parte hartzen duten konpainia asko atzerrikoak direlako.
COVID-19ak sortutako osasun larrialdia dela eta, aurten Lekeition egitekoa zen 31. Nazioarteko Kale Arteen jaialdia bertan behera geratu da. Uztailaren 9tik 12ra ezarrita zeuzkaten Kalakaren datak, baina orain bizi den egoera honetan jaialdia egitea ezinezkoa dela adierazi du Lekeitioko Udalak. “Momentu honetan ezinezkoa egiten da ospatzea, are gutxiago lehentasuna guztion ongizatea denean. Gogora dezagun urtero 20.000 ikusletik gora biltzen dituela jaialdiak”.
Kaleka prestatzeko lanak eginda zituztela jakitera eman du udalak, bertan parte hartu behar zuten konpainia eta kolektiboak aukeratuta eduki dituzte: “Deialdi irekian aurkeztu ziren 500 taldeetatik 20 izan ziren aukeratuak. Edizio honetan jatorri ezberdineko ikuskizunak aurreikusten ziren, besteak beste, Kolonbia, Txile, Katalunia, Gaztela eta Leon, Valentziar Erkidegoa, Madril, Murtzia eta, noski, Euskal Herritik etorritako konpainia eta kolektiboak”.
Gogora ekarri dutenez, jaialdia bertan behera geratzen den bigarren aldia izango da aurtengoa. “1995 urtean, garai horretan zegoen krisi ekonomikoa izan zen jaialdia ospatzea galarazi zuena”.
Jaialdi garrantzitsua. Kalekak kulturarekiko egiten duen apustu sendoa Lekeitiorentzat garrantzitsua dela azpimarratu du udalak. “Ez hori bakarrik, ikusle asko erakartzen ditu herriko ekonomia eta merkataritza indartuz. Hortaz, jaialdiak egiten duen ekarpena handia izaten da arlo ezberdinetan”. Hori dela eta, datozen urteetan ere Lekeitio eta inguruan egiten den jaialdi garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzea nahi dute. “Gure herriaren nortasunaren parte da jaialdi hau, urtero milaka pertsona gurera erakartzen dituena. Kultura arloan ere sekulako aberastasuna eskaintzen digu, beste modu batean ikusi ezingo genituen ikuskizunak gurera ekarriz”.
Modu berean, Kaleka Lekeitiotik kanpora ere proiekzio handia duen ekitaldia bilakatu dela gaineratu dute: “kale arteen sektorean erreferentea izanik, Lekeitioko markaren parte ere bada”. Horrela, hurrengo urtean, egoera hobea izango delakoan, jaialdiak berriro ere bere ibilbidea hartuko duela diote, “inoiz baino gogo gehiagogaz”.