Markina-Xemeingo Udalak 150 mila euro bideratuko ditu COVID-19ari erantzuteko
Bigarren fasean apurka-apurka kalera irtetzen joango dela esan du Luis Egurrola alkateak, eta neurriak betetzeko eskatu die herritarrei.
Markina-Xemeingo Udalak jakitera eman duenez, 150.000 euroko partida bat gorde dute COVID-19ak eragindako egoerei aurre egiteko. Gizarte larrialdietarako, merkataritza suspertzeko eta bestelako egoera batzuei erantzuteko izango dira laguntzak.
Pandemiaren bigarren fasera igarotzen ari dela adierazi du Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak herritarrei zuzendutako bideo baten bidez: “Apurka-apurka kalera irteten hasiko gara”. Hori dela eta herritarrei zuhur jokatzeko eskatu diete udaletik, hartu behar diren neurri zorrotz denak betetzeko.
Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak gogora ekarri duenez, Markina-Xemeinen momentuz 15 COVID 19 kasu positibo daude, eta eskerrak eman dizkie herritarrei “jokaera eredugarria” izan dutelako. “Eskerrak baita ere San Roke egoitzako langileei, zeren han ez daukagu COVID 19 kasu positibo bat ere ez, eta eurak izango dira Markina-Xemeinen testak egingo dituzten lehenengoak”.
Osasun etxeko langile denen lana eta ikastetxeetakoa ere eskertu du alkateak. “Ikastetxeei eskerrak eskolak sare bidez eman dituztelako”. Maskarak eta pantailak oparitu dituztenak ere aitatu ditu: “Eskerrak maskarak oparitu dizkiguten Txotxiki bi dendari, Eudeli eta Nemak enpresari. Pantailak eman dizkigute berriz, Maier kooperatibak eta Mondragon Unibertsitateak”.
Ostalari eta merkatarien egoeraz ere aritu da alkatea. Eskerrak eman dizkie momentu zail honetan establezimendua zabalik eduki dutenei: “gu hara joan ahal izan garelako erostera”. Eta, itxita daudenei, berriz, udala Garapen Agentziagaz batera lanean ari dela jakinarazi die, “neurri batzuk hartzeko”.
Udaletxean lanean jarraitzen dutela jakitera eman du alkateak. “Batzorde denak martxan eduki ditugu eta behar duenak zabalik ditu gugaz kontaktuan jartzeko bideak: telefono finkoa 94-616 74 54, udala@markina-xemein.eus helbide elektronikoa eta zuzenean alkateagaz kontaktuan jartzeko 688 844 995 telefono zenbakia”.