Bizitzak erdigunean jarriko dituen ereduaren alde egingo dute Maiatzaren Lehenean
Euskal gehiengo sindikalekoek ikur bateratua atera dute, eta hori leiho eta balkoietan zabaltzeko deia egin dute.
Osasuna, bizitza eta lan baldintza duinak bermatzeko eskatuko dute sindikatuek etzi [maiatzak 1]. Bizitzak erdigunean jarriko dituzte, eta horren alde egiten duen eredua eskatuko dute. Koronabirusak eragindako egoera dela eta, Maiatzaren Lehena “berezia” izango da. “Ezingo gara mobilizatu modu normalizatuan, baina langile klasearen harrotasuna nabarmenduko dugu, gure lana mundua eraldatzea baita”, dio Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak.
ELAren ustez, konfinamendua dela eta kaleak ezin badira hartu ere, langile klasearen antolakuntzan norbere erabakitasun eta konpromisoa are handiagoa izan beharko da; «etorriko diren mehatxu eta erasoei aurre egiteko, baina baita aldaketarako aukerak sortzeko ere”, agertu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak.
Azkenaldian kapitalaren eta bizitzaren arteko borroka nagusitu dela diote. “Patronalaren mesedetan egindako kudeaketa zentralizatu eta autoritarioa batetik, eta herria eta herritarrak zaindu nahi dituen komunitatea, bestetik”, adierazi du LABek. Hori horrela, “orain inoiz baino gehiago”, bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu ekonomiko eta sozial berri bat aldarrikatuko dute: “Langileok badugu mundua eraldatzeko indarra; arazo zehatzei erantzuna eman eta alternatiba orokorra eraikitzeko gaitasun”.
Sindikatu bakoitzak bere ekimen propioak antolatuko baditu ere, irudi komun bat partekatuko dute aurten euskal gehiengo sindikaleko sindikatuek –LAB, ELA, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde–, “egungo salbuespen egoeran mezu komuna emateko”. Ikur hori leiho eta balkoietan jartzera deitu dituzte herritarrak, “langileen indarra eta aldarrikapena ikustarazteko”. LABetik, gainera, balkoi eta leihoetatik zarata ateratzeko deia ere egin dute. 12:00etan ipini dute hitzordua.
EGITARAUA
LAB sindikatua
- 10:00. Mobilizazio ibiltariak eskualdeka: autokarabanak.
- 11:30. Streaming emisioa sindikatuko Youtube kanalean.
- 11:35. Hokoke dokumentalaren proiekzioa.
- 12:30. Ekitaldi nagusia. Nazioarteko LABen mezua.
- 16:30. Hotel explotacion dokumentalaren proiekzioa.
- 17:30. Zaintza lanei buruzko solasaldia.
- 18:20. Shockaren doktrina dokumentalaren proiekzioa.
- 19:45. Mundua eraldatuko duten langileei txaloak.
ELA sindikatua
- 12:00. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiaren agerraldia sindikatuko sare sozialen bidez.
HONEGAZ LOTUTA:
- Ion Basurko (LAB): “Herrikide eta langileen osasuna lehen planora eraman gura dugu“
- Gotzon Basaras (ELA): “Pandemiak, tamalez, txarto egin diren gauzak agerian laga ditu“