Nagore Martiartu: "Jendearen jarrerak asko lagundu duela eta bide onetik goazela uste dut"
22 urte daroatza Alemanian Nagore Martiartu markina-xemeindarrak. Datu ofizialen arabera, Europan kutsatu gehien dituzten herrialdeen zerrendaren goikaldean dago Alemania, baina, Espainia, Italia, Frantzia eta Erresuma Batuaren aldean hildako kopurua nabarmen txikiagoa da.
Europan COVID-19agaz kutsatu gehien dituzten herrialdeen artean dago Alemania. Hildakoei dagokienez, baina, goikaldean dauden beste herrialdeen aldean, nabarmen gutxiago ditu. Aditu askok eredu moduan jarri dute Alemania, besteak beste, test asko egin izanagatik.
Nurnbergen bizi da Nagore Martiartu markina-xemeindarra. 22 urte daroaz Alemanian. Senarraren enpresan lan egiten du, eta yoga irakaslea ere bada. Koronabirusaren krisia hasi arte, lan biak uztartzen zituen, baina hastean, zuhurtziaz jokatuta, yoga eskolak emateari utzi zion: «Italian daukadan lagun bategaz berba egin eta gero erabaki, eta nahikoa arin laga nuen. Batzuek ez zuten ulertu, baina pentsatzen nuen hona ere etorriko zela».
Inauterietatik. Otsailean, inauteri astean, jende asko Austriara eta Italiara eskiatzera joan zela azaldu du, eta handik bueltatutakoak izan zirela lehen kasuak. Aipatu herrialdeekin mugan bizi dira eurak, Bavarian: «Eskiatzera oporretara joan eta kutsatutakoengatik, hasieran Bavarian herri batzuk oso kaltetuta egon ziren. Nurnbergeko lehen kasuak handik etorritakoenak izan ziren. Esaterako, beste zonalde batean herri guztia kutsatu zen, eta eskiatzen etorritako denak berrogeialdian sartu ziren bi astez; sintomak zituztenak zein ez zituztenak, oporretan egon ziren guztiek geratu behar izan zuten etxean. Bestetik, leku jakin batzuetan inauteri jaiak egin zituzten, eta herri horietan ere kasu asko egon ziren. Esaterako, bi herri guztiz zarratu zituzten». Gero eta kasu gehiago entzuten zituzten, «baina ematen zuen oraindik ere pixka bat urruti zegoela».
Orduan, oraindik ere, enpresan nahikoa lasai zeudela gogoratu du, baina ikastetxean irakasle batzuk eskolekin zelan jarraituko ahalko zutenagatik kezkatuta zeudela. Martxoaren 13tik umeek ez daukatenez eskolarik, bere lana zaintza eta irakasle lanekin uztartzen ari da azken asteotan: «Umeak 2. eta 4. mailan daude. Barikuetan hartzen dugu programazioa, eta hurrengo barikuan entregatu behar dugu. Egunean hiru orduz egoten gara lanak egiten». Goizetan etxean egoten da eurei laguntzen eta bazkalostean, senarra etxera itzultzean, bulegora joaten da.
“Astero aldizkari paketeak eroaten genizkien 6.000 bat bezerori. Kolpe oso handia izan da; bezeroen %40 galdu dugu”
Aldizkariak banatzen dizkiete mediku kontsultei, dentistei, ileapaindegiei, liburu dendei zein norbanakoei. «Astero aldizkari paketeak eroaten genizkien 6.000 bat bezerori. Kolpe oso handia izan da; bezeroen %40 galdu dugu. Ileapaindegiak itxita egoteaz gain, dentistak eta mediku kontsultak aldizkariak uzteari laga diote». Senarraren aitonak sortutako enpresak 60 bat urte ditu, eta krisi honek momenturik onenean harrapatu dituela dio. Langileak ahalegin handia egiten ari direla eta arduratuta daudela azpimarratu du. Inor ez dute kaleratu: «44 langile ditugu, eta gure partetik segitzen dugu nominak ordaintzen, baina ez dakigu noiz arte ordaindu ahalko ditugun. Orain dela gutxi inbertsio bat egin genuen, eta guretzat egoera oso gogorra da». Laguntzak «segituan» eskaini zizkietela, baina oraindik ez zaizkiela ailegatu zehaztu du. Zain daude.
Pausoz pauso. Martiarturen berbetan, hemen baino konfinamendu leunagoa eduki dute: «Hasieratik umeekin buelta bat ematera irten ahal ginen. Ez da izan Euskal Herrian daukazuen moduko gogorra». Hasieran Bavaria izan zen kutsatu gehieneko zonaldea, eta gure ministroa lehenengo hemen hasi zen gauzak zarratzen eta halako arauak ezartzen».
Astelehenetik, 800 m-tik beherako komertzioak zabalik daude. Edonon sartzeko maskarak erabiltzea derrigorrezkoa da, bestela isunak jartzen dituzte. Dioenez, mugimendua igartzen da kaleetan, baina jendea kontu handiz eta lasai dabil. «Apirilaren 20tik, familiakoa ez den pertsona bategaz paseatzera edo kirola egitera joan ahal gara».
Hezkuntzan, astelehenean bueltatu ziren selektibitatea egin behar dutenak. 4. mailara arte da LH Alemanian. «Uztail amaiera arte ditugu eskolak. Baliteke uztailean eskolara joaten hastea, baina ez dakigu ezer. 4. mailakoak, agian, maiatzean hasiko direla esan da, baina ez da segurua. 4. maila amaituta, bigarren hezkuntza hasten dute, Batxillergorako edo Lanbide Heziketarako bidea aukeratuta, eta eskola aldatzen dute. Bestalde, lanagatik umeak norbaitegaz utzi ezinik dauden mediku, suhiltzaile, polizi eta halakoentzat hemengo eskoletan gela batzuk zabalik egon dira hasieratik». Bere ustez, agintariek aste hauetako bilakaera ikusi ostean hartuko dute ikastetxeetara bueltatzeko erabakia, hau da, konfinamendua leuntzeko hartu dituzten erabakien eragina aztertu ondoren: «Zer gertatzen ari den ikusi nahi dutela uste dut. Oro har, astez aste doaz neurri berriak hartzen».
Maiatzaren 4tik aurrera, ileapaindegiak ere zabalduko dituztela dio. «Gure zonan turismoa dago, pila bat hotel daude, eta horiek eta jatetxeak dituztenak lur jota daude. Mundu guztia horiek noiz zabalduko zain dago».
Herritarrek hasieratik ostalariekiko elkartasuna erakutsi dutela kontatu du Martiartuk. «Jatetxe askok hasieratik eskaini dute zerbitzua, etxera ekartzen dizute edo bila joan zaitezke. Bertoko gastronomiari bultzada ematen saiatzen ari da jendea. Guk astean bitan eskatzen dugu jatetxe txikietan. Autonomo moduan, gustatuko litzaiguke guri ere laguntzea, eta oso argi daukagu lagundu behar ditugula. Maskarekin ere ikusten da hori. Oro har, jendea oso mentalizatuta dago elkar laguntzeko».
«Gure zonan, behintzat, ez dago arazorik. Maskarak zein desinfektatzaileak farmazietan lortzen ditugu, eta ez badaukate badakigu egun batzuetara ekarriko dituztela. Jende asko ari da etxean maskarak josten ere»
Krisiari ondo aurre egin diotela uste du markina-xemeindarrak. Baina etorriko denaren zain daude: «Orain ere gutxinaka dabiltza neurriak leuntzen eta zabaltzen; pentsatzen dut bide onetik goazela. Baina ez dakigu kolpe bat etorriko den edo kurbak horrela segituko duen. Medikuak diren lagun batzuek esan digutenez, ohe asko daude libre oraindik. Bavariako ospitaleetan, behintzat, ez dago inolako arazorik ingresatzeko». Osasun aldetik, gauzak oso ondo egin dituztela nabarmendu du. «Hemengo osasun sistema beti izan da oso ona; osasun sare oso gogorra daukagu». Ospitaleetan eta mediku kontsultetan material faltarik ez dute eduki: «Gure medikua inguruan bizi da, eta esan digunez, euren burua babesteko zein bestelako material faltarik ez dute eduki ospitaleetan eta kontsultetan». Osasun sistema sendoa edukitzeaz gain, jendeak errespetuz jokatu izana giltzarria izaten ari dela deritzo. «Jendearen jarrerak asko lagundu du. Orokorrean, hasieratik jendea mentalizatuta dago, eta asko errespetatu du». Eman dizkieten jarraibideak oso ondo eroan dituztela aitatu du.
Herritarrek ere materialak lortzeko arazorik ez dute eduki: «Gure zonan, behintzat, ez dago arazorik. Maskarak zein desinfektatzaileak farmazietan lortzen ditugu, eta ez badaukate badakigu egun batzuetara ekarriko dituztela. Jende asko ari da etxean maskarak josten ere».
Bizi dutenagatik kezkatuta, hemengo berriak ere gertutik jarraitzen ditu, senide eta lagunen bitartez. Abuzturako hegazkin txartelak hartuta dituzte, baina ez du uste etorri ahal izango direnik. «Egoera ez bada asko aldatzen, abuztuan ezingo gara joan, eta jendeak esaten duen moduan, agian, urte osoan ere ez».