Maiatzaren 11n jarriko dute martxan Bizkaiko ekonomia suspertzeko 'Bizkaia Aurrera' plana
95,5 milioi euroko planak autonomoentzako maileguak, barneko turismoa eta etxea berritzeko laguntzak bideratuko ditu.
Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko ekonomia suspertzeko premiazko plan bat diseinatu du, eta maiatzaren 11n jarriko du martxan. Abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta aldundiko sail guztiek hartuko dute parte. Oposizio-taldeek proposatutako neurri batzuk ere jasotzen ditu.
Planak 12 neurri ekonomiko biltzen ditu, eta beste erakunde batzuek hartu dituzten neurriak osatzen ditu, ahaleginak ez bikoizteko: “Pertsona, enpresa eta sektore horiei guztiei une hau gainditzen eta jarduera berreskuratzen laguntzea da asmoa”.
Merkataritza, ostalaritza, turismoa, enpresa eta kultura ardatz dituen plana 95,5 milioi eurokoa da, baina 672 milioi euroko eragin ekonomikoa ekarriko duela adierazi du, gaur, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak.
Foru sailek erabilgarri dutenetik 12 milioi euro birbideratzen ditu planak, eta beste 30 milioi euro gehitzen ditu dozena bat neurri ekonomiko garatzeko, eta egoera okerrenean dauden pertsonei eta sektore ekonomikoei laguntzeko. Hau da, autonomoak, lana galdu duten pertsonak eta mikroenpresa, enpresa txiki, ertain eta handiak laguntzeko. Zuzeneko inbertsio horri, gainera, plan honetan aurreikusitako 53,5 milioi euroko zerga-pizgarri berriak gehitu behar zaizkio; zerga pizgarri horiei dagokie planaren zatirik handiena.
Diru sail berezia izango dute autonomoek, eta azken asteetan itxi behar izan duten bost langilerainoko enpresa txikiek. Bizkaiko Foru Aldundiak hamabost milioi euroren mikrokredituak emango dizkie. Gehienez 7.500 euroko maileguak izango dira, interesik barik, eta bost urteko epean itzuli beharrekoak. Mikrokreditu horiek merkataritzaren, ekoizpenaren eta antolaketaren suspertzeagaz lotutako gastuak ordaintzeko erabiliko dira, baina ezingo dira bideratu zorra birfinantzatzera edota pasiboa berregituratzera.
Planak, gainera, enplegu-plan berezi bat ezartzea aurreikusten du, “lanpostuei eusten laguntzeko eta langabeen kontratazioa sustatzeko”. Enplegu plan berezi horrek, 5 milioi euroko zuzkidura dauka.
Eraikuntzako gremioen artean jarduera sustatzeko plan bat aurreikusi du aldundiak, Renove Etxea Plana izenekoa. Autonomoen jarduerari mesede egingo die. Horren bidez, %10eko zerga kenkari bat emango diete ohiko etxebizitza zaharberritzen duten bizkaitarrei. Kenkari hori gutxienez 3.000 euroko eta gehienez 15.000 euroko aurrekontua duten berrikuntzetan aplikatuko da, “hamar urtetik gorako antzinatasuna duten etxebizitzetan.
Industriari dagokionez, enpresa txikiei eta ertainei –bost eta ehun langile artekoei–, lau milioi euroren zuzeneko laguntzak emango dizkie aldundiak. Programa honek digitalizazioarekin, ekonomia zirkularrarekin eta ingurumen inpaktuaren murrizketarekin lotutako proiektuak lehenetsiko ditu. Diruz lagunduko dira langileen barne-gastuak, kanpo-gastuak eta materialean egindako inbertsioak, % 50ean, eta 15.000 euroko mugagaz.
Bonoak ostalaritza eta kulturara. Beste bost milioi euro Bizkaiko tokiko merkataritzan, kulturan, turismo establezimenduetan eta ostalaritzan kontsumoa sustatzeko bonuetara bideratuko dira. Bizkaiko herrietan barne turismoa sustatzeko neurriak ere izango ditu Bizkaia Aurrera planak (300.000 milioi euro).
10,4 milioi euroko digitalizazio plan bat ere bultzatuko du. Horren bidez, banda zabala Bizkaiko eskualde guztietara zabaltzea bilatuko dute, eta Arratia, Mungialdea eta Enkarterritik hasiko dira. Gainera, plataforma digital bat sortuko dute tokiko merkataritza eta trebetasun digitalen arloko prestakuntza sustatzeko.
Ekimenak kultura, kirol, eta COVID-19aren ikerketa jardueretarako mezenasgoa areagotzea aurreikusten du, “2020an lehentasunezko jarduerak izendatuz”. Hala, 2,1 milioi eurorekin bultzatuko ditu Bizkaian sormena, ekonomia, kultura eta aisialdia dinamizatuko dituzten jarduerak. Horien artean daude ekintzailetza eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko ekitaldiak eta musika, kultura, kirola eta aisialdi jarduerak; “betiere osasun-agintariek baimentzen badituzte”.
Azkenik, 50.000 euro bideratuko dira Bizkaia Gara indartzeko. Hau da, eskatzen diren zeregin guztietan laguntzeko lurraldeko boluntarioen sarea indartzeko.
Neurri guzti horiek krisialdian okerren pasatzen ari diren pertsona eta sektore ekonomikoei laguntzeko diseinatu dira. Hau da, alarma-egoeraren adierazpenaren ondorioz negozioak eta jarduera ixtera behartuta dauden 15.343 langile autonomoei eta lanean jarraitu duten baina kalte handiak jasan dituzten 22.764 langileei; koronabirusaren krisiaren ondorioz lana galdu duten 5.373 pertsonei; eta alarma-egoera deklaratu ondoren pertsiana jaistera behartuta dauden lurraldeko 3.347 mikroenpresa, enpresa txiki eta ertain eta enpresa handiei eta eraginak pairatzen ari diren 6.607 enpresei.