Animalien inguruko ordenantzaren berri ematen duten kartelak jarriko dituzte Markina-Xemeinen
Gai horregaz lotutako herritarren kexa ugari jaso ditu udalak. Herria baldintza higieniko egokietan mantentzeko eskaera luzatu dute.
Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantza gogora ekarri du Markina-Xemeingo Udalak. Azaldu dutenez, asko dira gai horregaz lotuta udaletxean jasotzen ari diren kexak, eta beharrezkoa ikusi dute herritarrei ordenantza gogoraraztea, “jokabide egokiak bermatzeko”.
Udal ordenantzan jasota dagoenez, animalien gorozkiak ezin dira bide eta plaza publikoetan, haur- parkeetan, lorategietan eta, oro har, pertsonak ibiltzeko diren edozein lekuetan utzi, ezin da ezta ere hegaztiei, txakurrei, katuei eta gainerako animalia abandonatuei bide publiko eta orubeetan jaten eman. Arau-hauste horiek 900 eurora arteko isunarekin zigortuko dira.
Bestalde, arau-hauste oso larritzat joko da animaliak erasotzea edo substantzia toxikoak emanda hiltzea edota pozoitutako janaria bide eta espazio publikoetan uztea. Ekintza horiekĀ 1.502,54 eurotik 15.025,30 eurora bitarteko isunarekin zigortuko dituzte.
Udal-agintariek, gainera, beharrezko neurriak hartu ahalko dituzte, kaleko edo kontrolik gabeko animalia-espezieen ugaritzeak kontrolatzeko.
Txakur eta katu ugari daudela herrian eta, herria baldintza higieniko egokietan mantentzeko eskaera luzatu du udalak. Aurreratu dutenez, animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantzaren berri ematen duten kartelak jarriko dituzte jendea igarotzen den lekuetan.