Alberto Sololuzeren senideek aurkeztutako mozioa landuko du Markina-Xemeingo Udalak osoko bilkuran
Biharko [maiatzak 5] deitu dute bilera. Zoom plataformaren bidez egingo dute.

Markina-Xemeingo Udalaren osoko bilkura egongo da bihar [maiatzak 5], 19:00etan. Egoerak eskatzen duen modura, bideo bidez egingo da batzarra, Zoom plataformaren bidez, hain zuzen. Landuko diren gaien artean, Alberto Sololuze Txurrukaren senideek aurkeztutako mozioa egongo da.
Markina-Xemeingo Udalak jakitera eman duenez, bilera ez da zuzenean emango. Hala ere, grabatu egingo dute, gorde edo aurrerago hedapena eman ahal izateko.
Bileraren gai ordena hurrengoa izango da:
1. Aurreko bilerako akta onartu.
2. 2019 urteko kitapenaren berri ematea.
3. 1., 2., 3. eta 4. kreditu-aldaketak.
4. Alberto Sololuze Txurrukaren senideek aurkeztutako mozioa.
5. Zinegotzien galderak.
Bestalde, udalak pantailak eta maskarak banatuko ditu herriko merkatarien artean. Izan ere, gaurtik [maiatzak 4] aurrera, orain arte itxita egon diren establezimendu batzuk irekitzeko aukera edukiko dute. Hartu-emana hitzorduagaz izango da. Ostalariek ere, eramateko janaria eskaini ahalko dute.
Komun publikoak ere zabalduko ditu udalak: Zelaiaren goiko partekoa, Zelaibarrikoa eta Arretxinagan dagoen Musika Eskolakoa. Eta, aurreratu dutenez, maiatzaren 10ean amaituko da udaltzaingoaren bidez eskaintzen duten musika animazioa.