Arkaitz Goiekoetxea: "Agian, lehengo ohitura guztiek aurrerantzean ez dute balioko"
Lea-Artibain eta Mutrikun COVID-19agaz kutsatutako positiborik ez daukan herri bakarra da Munitibar. Goikoetxeak herrian bizi duten errealitatearen berri eman du.

Zelan daramatzate Munitibarrek eta Munitibarko Udalak koronabirusaren krisia?
Zalantza askogaz gaude, ziurgabetasuna da nagusi. Ez dakigu ze erabaki hartu behar diren eta zelan jokatu beharra daukagun. Suposatzen dut erakunde publiko guztiak berdin egongo direla. Bestalde, herritarren artean koronabirus kasurik ez dagoenez, herritarrak lasai daudela esango nuke.
Esan duzun moduan, herrian ez dago koronabirus kasurik. Zein izan daiteke arrazoia?
Egia esan behar badizut, ez dakit. Herrigune txikia badaukagu ere, joan-etorri handiko herria da gurea, bi eskualdeetarantz, gainera. Zaharren egoitza bat ere badaukagu herrian, 100 egoiliar inguru daude horretan, hortaz, mugimendua egon badago. Hala ere, zaharren egoitzan ere ez da koronabirus kasurik egon.
Munitibarko Udaletik zeintzuk neurri berezi hartu dituzue?
Konfinamendua hasi aurretik hartu genituen neurriak. Beste herri batzuetan egin modura, leku publikoak, parkeak… zarratu egin genituen, Espainiako Gobernuak dekretua atera baino egun batzuk arinago. Irizpidea herritarren osasuna aurretik jartzea izan zen eta gainontzeko guztia bigarren mailakotzat jotzea.
Herritarrek ondo bete al dute konfinamendua?
Batzuek bai eta beste batzuek ez horrenbeste, denetarik egon da. Uste dut krisiaren larrialdia, agian, ez dela ondo azaldu, edo izan liteke ere, herrian ez dela koronabirus kasurik egon. Orduan, berton bizi direnentzako alarma maila ez da horren nabaria izan. Uste dut gure artean koronabirus kasu positiboren bat egon izan balitz, herritarren artean egoera beste modu batera ikusiko litzatekeela.
Kalera ateratzeko baimenak gutxi-gutxika aurrera doaz. Udalak garbiketa neurriak indartuko al ditu? Neurri bereziak hartuko dira?
Orain arte, herriko gune publikoak, sastarrontziak eta horrelakoak desinfektatzeko lanak egiten ibili gara, eta jarraituko dugu hori egiten ere. Aurrerantzean hartu beharreko neurrien gainean, berriz, ez dugu berbarik egin. Dekretu berriak zer suposatuko duen eta udaletik horri zelan aurre egin beharko diogun oraindik berba egiteko daukagu udalean.
Momenturen batean datuek onera egingo dute. Zer eskatuko zenieke herritarrei mehatxua baretzen denerako?
Azken finean, norberaren zentzu komunaren baitako gauza bat da hori. Joan den asteko albistegietan entzuten zen heriotza tasak behera egin duela; joan den astelehenean, esaterako, oroitzen naiz 11 zirela hildakoak. Datua ona zen, bai, baina hamaikagarren hori zu zeu bazara? Zelan jokatu beharra dago?. Arazoa, hortaz, modu desberdinean ikusten da hurbilean edo urrunean harrapatzen bazaitu.
Osasun publikoko krisi handiena bizi dugu mendeetan. Alkate modura, hori nola kudeatzen da?
Uste dut orain artekoa kudeatzea baino, gure kasuan, oraindik aurrerako kudeaketa zailagoa izango dela. Normaltasun berria deitu dioten ibilbide berri hori ea zelan egiten dugun. Ikasi beharko dugu bai udalak eta bai herritarrek ere, koronabirusagaz batera bizitzen. Konturatu beharko gara, agian, lehengo ohitura guztiek aurrerantzean ez dutela balioko. Aldaketa bat beharko dugu denok. Aldaketa horretarako, baina, ez dakigu zer den onena, jakingo bagenu, ondo legoke… Hala ere, probatzen joan beharko gara.
Erantzukizuna handia da. Alkateok zelako babesa daukazue honi guztioni aurre egiteko?
Nik alkate modura, egia esan, ez dut aparteko babesik sumatu. Babes nagusia udalaren ikuspuntutik, udalari dagokion finantza eremua da, hau da, dirua nondik datorren. Eta, sentsazioa daukat erakunde handiagoak direnak, Bizkaiko Foru Aldundia zein Eusko Jaurlaritza, udalak bururik gabeko ume txikien moduan tratatzen dituztela asko eta askotan, nahiz eta gu geu izan herritarrengandik hurbilen gauden erakundeak. Herritarrengandik, hala ere, babesa bai bada nabaria. Uste dut herritarrek barneratuta daukatela norberaren ideologiak alde batera utzi behar direla krisi orokor honi aurre egiteko, denok batera aurre egitea beharrezkoa baita.