Babes zibileko boluntarioek maskarak banatuko dituzte garraio publikoaren gune nagusietan
Gaurtik aurrera, maskarak derrigorrezkoak izango dira zerbitzu publikoa erabiltzen duten guztientzat.
Gaur [maiatzak 4] eta bihar [maiatzak 5] 282.000 maskara higieniko banatuko ditu Segurtasun Sailak, babes zibileko boluntarioen bidez, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako garraio publikoaren gune nagusietan, eta, hemendik aurrera, derrigorrezkoak izango dira zerbitzu hori erabiltzen duten guztientzat.
Maskarak lurralde historiko bakoitzeko biztanleriaren eta aurreikusitako bidaiari-kopuruaren arabera banatuko dituzte. Horrela, 148.000 maskara banatuko dituzte Bizkaian, 92.000 Gipuzkoan eta 42.000 Araban.
Segurtasun Sailak gogoratu duenez maskara higienikoak dira, ez sanitarioak, erabili eta botatzekoak, eta maskara erabili arren, ahal den guztietan, agintari sanitarioek aholkatutako urruntze fisikoa eta gomendatutako higiene-neurriak bete behar dira.
DYA, Gurutze Gorria eta tokian tokiko babes zibileko elkarteek egingo dute banaketa.