Lekeitioko Triatloia ere bertan behera geratu da
Horrelako ekitaldi jendetsu batean segurtasun neurriak zaindu eta parte hartzaileen osasuna bermatzea zaila dela ikusten dute.
COVID-19ak eragindako osasun larrialdia dela eta, Lekeitioko Nazioarteko Triatloia bertan behera uztea erabaki du Lekeitioko Garraitz Kirol taldeak. Aurten 28. triatloia zen ospatzekoa, baina, horrelako ekitaldi jendetsu batean segurtasun neurriak zaindu eta parte hartzaileen osasuna bermatzea zaila dela ikusten dute.
Nazioarte mailako triatletak parte hartzen dute Lekeitioko Triatloian, eta hori lortzeko lan handia egiten dute urtero Garraitz Kirol Taldeko kideek. Aurten, esate baterako, Australiatik talde handi bat zetorrela azaldu du Luis Aretxabaleta Garraitz Kirol Taldeko lehendakariak. Dena prest zeukaten probarako, “hainbeste lan eginda”, baina ezin izango da aurrera eraman. “Horrelako ekitaldi bat bertan behera uztea ez da erraza. Jende askok denboraldia aurrez pentsatuta edukitzen du, eta jende askori kalte egiten dio bertan behera uzten bada. Oraingoan, baina, egoerak agintzen du”.
Aretxabaletak gogora ekarri duenez, ez da Lekeitioko Triatloia bertan behera gelditzen den lehenengo aldia. “Orain dela urte pila bat ere gertatu zen herriko alde zaharra altxatu zutenean”. Orduan bezala, oraingoan ere, gogotsu jarraituko dutela azpimarratu du. “Gu ez gara botako atzera; datorren urtean ere hor egongo gara ekinean”.
Lekeitioko 28. Triatloiagaz gainera, 23. Kilin Kala Igeri Zeharkaldia, Gazte Duatloia eta Gazte Triatloia ere ezingo direla egin gaineratu du Garraitz Taldeko lehendakariak.