Cartonajes Erabil enpresan diskriminazio sindikala egiten jarraitzen dutela salatu dute ELA eta LAB sindikatuek
Enpresak berriro ere erabakiak bere kabuz hartu dituela salatu dute, "aurretiaz batzordekideak jakinaren gainean ipini barik eta ezer kontsultatu barik".
Gizaburuagako Cartonajes Erabil enpresak diskriminazio sindikala egiten jarraitzen dutela salatu dute berriz, ELA eta LAB sindikatuek. Apirilaren hasieran salatu zuten enpresaren jarrera okertu egin dela diote sindikatuek: “Enpresak sindikatuen kontrako jarrera eta antidemokratikoa erakutsi du aspalditik, baina, orain, konfinamendu garaian, jokabide hori areagotu egin da”.
Zuzendaritzak “ez duela informaziorik ematen, ez duela kontsultarik egiten eta erabakiak hartu aurretik ez dituela ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariekin bilerak egiten” berretsi dute sindikatuek. “Enpresak bere kabuz hartu ditu erabakiak berriro, aurretiaz batzordekideak jakinaren gainean ipini barik eta ezer kontsultatu barik”.
Enpresak horrela jokatzean “Haize Berriak talde independentearen oniritzia duela” azaldu dute. “Batzordeko talde horrek enpresaren interesen alde egiten du behar den guztietan”.
Sindikatuek informazioa eta negoziazioa eskatzen jarraituko dutela azpimarratu dute: “Horretarako eskubidea dugu, Langileen Estatutuak hala aitortzen digu-eta. Bilerak eskatzen jarraituko dugu, enpresaren eguneroko arazoak elkarrizketa bidez konpontzeko. Enpresa ezin da baliatu oraingo salbuespen egoeraz gure legerik eta eskubiderik oinarrizkoenak urratzeko”.
Langileen eskubideak baliarazteko baliabide guztiak erabiliko dituztela argitu dute: “Dela ekintza sindikalaren bidez, dela agintari eskudunengana joz. Nahiz eta horretarako gertaera lotsagarriak ikusi behar, esaterako, enpresa eta batzordeko Haize Berriak talde independentea eskutik sartzea Lan Harremanen Kontseiluaren Bilboko egoitzan”.
Hori dela eta, antolatu eta sindikatuen helburuekin bat egitera deitu dituzte Cartonajes Erabil enpresako beharginak.
Berdin. Haize Berria taldeak egoera berean dagoela argitu du, eta eurak ere bileren ondorengo informazioa jasotzen ari direla azaldu dute. Hala ere, momentu honetan, enpresaren jokabidea ulergarria dela esan dute. COVID-19ak eragindako egoera honetan ezin dela bilerarik egin ikusten du taldeak, beste enpresa batzuetan gertatzen ari den modura.”Enpresak ahalik eta ondoen darama egoera, ez da lankiderik gaixotu, eta inor kutsatu ez dadin beharrezko protokolo-neurriak hartzen ari da”. Egoera horren baitan, enpresaren erabakiak batzordeari jakinarazten zaizkiola esan dute. Beraz, erabaki guztien jakinaren gainean daudela zehaztu dute. Argi daukate, hori bai, pandemia amaitzen denean, enpresagaz bildu beharko dela.