Konfinamenduari buruzko erakusketa bat prestatu du Jose Pablo Arriagak
Pandemiak sentiarazi diona islatu du material berrien bidez. Baimena ematen dutenean, erakusketa jendeari zabaltzeko asmoa dauka.
Pandemiak eta hondamendiak obra artistiko askoren inspirazio iturri izan dira, eta COVID-19a ez zen gutxiago izango. Horrela, COVID-19aren berri izaten hasi zenean, argazkiak atera eta sare sozialetan argitaratzen hasi zen Jose Pablo Arriaga artista markina-xemeindarra, eta konfinamendutik konfinamenduari buruzko erakusketa bat ere prestatu du Markina-Xemeinen daukan estudioan.
Arriagak dionez, denok egoera antzekoan gaude momentu honetan: askatasun faltan. Etxea moldatu behar izan dugu, era ezberdin baten prestatu denbora baterako, lanerako edo kirolerako edo jolaserako… Gainera, kalera irtendakoan egonezina nabaritzen da, beldurra, ziurgabetasuna. Autoa hartzerakoan edo lanera joateko paperak behar dira, ziurtagiriak. Horrez gain, beti albisteen menpe, zer gertatuko den jakin nahirik tentsioan bizi garela dio.
Bizipen horiek eta sentimendu horiek ez zaizkio arrotzak egin Arriagari. Aurretik ere ikusi ditu, errefuxiatuengan, hain zuzen. «Guk orain arte ez ditugu egoera horiek bizi, baina bai beste batzuek, eta horien azalean jarri gaitezke. Familiarengandik urruti, ziurtasunik barik, batzuetan bakarrik aterpe behartu baten azpian dauden horien azalean». Eta hori guztiori nabarmendu nahi izan du Oihalezko teilatua erakusketagaz.
Argazkiak eta eskulturak. Tamaina handiko bost argazkik eta hiru eskulturak osatzen dute lana; eta erakusketaren izen horren atzean sumatu daitekeen bezala, guztiaren oinarrian oihala dago: estalpe zuri bat.
Gerretatik ihes egin duten errefuxiatuei gobernuz kanpoko erakundeek oihalezko dendak jartzen dizkietela dio Arriagak; gauza bera bertatzen da naturako hondamendiak gertatzen direnean. Denbora baterako dendak izaten dira, eta etxebizitzak, orain, denda horiek bezala ikusten ditu artistak. «Oinaze garaiko estalpea sinbolizatzen du toldoak. Bizitzarentzako zirrikitu inprobisatu bat, besterik ez dagoenean. Hori dute babesteko errefuxiatuen kanpamenduetan ere: oihal zati bat».
Errefuxiatuen denden oihal bera erabili du Arriagak erakusketarako. Eskala handian egindako argazkiekin apaindu ditu, eta kontzientzia eta begientzako jolas bat ere proposatzen du. «Gertutik ikusi arte, hartzaileak ezin du asmatu zein elementu den egiazkoa eta zein inprimatua. Hurreratzean konturatzen zara errealitatea zein den».
Irudiez gain, hiru eskulturak osatzen dute erakusketa. Hormigoiz eginda daude, teknika berezi baten bidez. Militarrek euren dendak egiteko erabiltzen duten hormigoi mota aukeratu du hori dena adierazteko, gutxik erabiltzen duten material bat.
Artistak jakinarazi duenez, eskulturek karpa bat, oihalezko etxe bat adierazten dute, eta hiru fase desberdin irudikatzen dituzte: pandemiak eragin dituen hiru egoera. «Lehenengoan, itxita ageri da etxea, bilduta, oraindik zain; bigarrenean, zabaltzen hasten da, eta oihalaren lehenengo tentsioak bistaratzen dira bertan, altxatzera doa; hirugarrenean, tolesdura eta tentsio askogaz, arazoari heltzen diogun unea ikus daiteke; oihala etxe bilakatzen den momentua».
Sare sozialen bidez. Erakusketaren inaugurazioa Instagram bidez egin zuen, Uhagon kulturguneak antolatutako egitarauaren baitan. Jarraitzeko aukerarik eduki ez zutenek bere sare sozialetako kontuetan ikusi dezakete edo bere webgunean. Hala ere, kalera irteteko baimena ematen dutenean, jendearentzako erakusketa zabaltzeko asmoa dauka.