Osasun krisiari aurre egiteko Ekintza Plana jarriko dute martxan Munitibarren
Plana maiatzaren 11tik aurrera egongo da indarrean. Ekarpenak egiteko epea zabaldu, eta zapatu goizean [maiatzak 9] herri batzarra egingo dute telekonferentziaz, dokumenturen inguruan eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko.
Osasun krisiaren ondorioei zelan aurre egin pentsatzeko eta erabakitzeko momentua dela adierazi dute Munitibarko udal ordezkariek, eta, beraz, udalak arlokako neurri zehatzekin Ekintza Plana osatu du, eta astelehenetik [maiatzak 11] aurrera egongo da indarrean.
“COVID-19aren transmisioa guztiz etetea ezinezkoa da; hurrengo hilabeteetan COVID-19arekin bizi beharko dugu, ezinbestean. Konfinamendua ez da momentu jakin batean bukatuko: era sekuentzial batean, neurriak altxatu edo malgutuko dira, atzera egiteko arriskuarekin. Neurriak malgutze hori infekzioaren zabaltzearen araberakoa izango da, eta egoera berri honek Munitibarren ere erabaki sendoak hartzera eramango gaitu. Udaletik ere neurriak hartu beharko dira, egitasmo batzuk albo batera utzi eta ikuspuntu tekniko hutsaren gainetik, erabakiak hartu beharko dira. Esaterako, 2020ko aurrekontuak martxoaren azkenetan onartzekoak genituen arren, oraindik ere, onartu barik dauzkagu eta koronabirusaren krisiak isla izan beharko du bertan gura edo ez”, azaldu dute.
Behin-behineko zirriborroa prest daukate, eta ekarpenak egin eta iritziak bideratzeko kontsulta epea zabaldu dute maiatzaren 8ko 23:59ak arte. Ekarpenak egiteko inprimakia prestatu dute, eta hori bete behar da. HEMEN INPRIMAKIA
Horrez gain, zapatuan [maiatzak 9] 11:00tan hasita, herri batzarra egingo da telekonferentziaz, dokumentua eztabaidatzeko eta erabakik hartzeko. Gailu mugikor batetik sartzeko deskargatu behar diren aplikazioen loturak hemen, sistema eragileen arabera: Androidentzako eta IOS sistema duten gailuentzako (Iphone, adibidez). Aplikazioa instalatuta, bilera egiteko loturan sartu behar da. Ordenagailuetatik sartzeko, egin klik HEMEN.
Bestalde, autonomo, enpresa txiki eta tabernarientzako laguntzak bideratzea eta herriko garapena indartzeko aukerak aztertzea eta plangintza garatzea dira dokumentuan jasota dauden bi ekintza. Fiskalitatearen ataldean, berriz, herritarrei laguntzeko zaborren tasa atzeratzea, gimnasioko epea luzatzea eta errentak aztertzea proposatu dute, baita autonomoei, enpresa txikiei eta tabernariei laguntzeko fiskalitatea aztertzea ere.