Lekeitioko EH Bilduk 900.000 euro bideratzea proposatu dio udal gobernuari, COVID-19aren kalteei aurre egiteko
Baliabideak badaudela diote. Epe labur eta ertainean aurrera eraman beharreko neurriak proposatu dituzte.
Lekeitioko EH Bilduk COVID-19ak sortutako kalteei aurre egiteko plana aurkeztu dio Udal Gobernuari. 900.000 euro bideratzea proposatzen diete kalteei aurre egiteko. Baliabideak badaudela diote. “2019ko udal aurrekontuetako soberakina bideratzea proposatzen dugu horretara”.
Oraindik egoera konplexua dela dio EH Bilduk, hala ere, udalak herritarrei, ahal den neurrian, ziurtasuna bermatu behar dietela ikusten dute. “Pertsonak erdigunean kokatu behar ditugu, bai orain eta baita aurrera begira ere, gizarte eta ekonomia-sarea zaintzako logikatik berrantolatuz. Erantzuna dinamikoa izan beharko da, sortuko diren egoera berriei erantzuteko kapaza izango dena, nahiz eta udalaz harantzago neurri eta laguntzak ere bildu beharko diren”.
Epe bitan. Sortu diren premiei erantzuna ematerako orduan, epe bi zehaztu dituzte. Alde batetik, epe laburrera, egoeraren eragina txikiagotzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea proposatu dute: udal tasen eta prezio publikoen kalkulua berriro egitea, gizarte-laguntzetarako aurrekontua %25 handitzea, alarma-aldian eskatutako prestaziorik gabeko kontziliazio-baimenentzat laguntzak ematea, tokiko jarduera ekonomikoari laguntzeko diru-laguntzak ematea, etxeko langileentzat aparteko sorospen osagarria ematea eta tokiko artistekin sare bidezko kultur programazioa sustatzea.
Epe ertainean, berriz, suspertze ekonomikoa bultzatu behar dela ikusten dute. “Biztanleria eta ekonomia sektore sentikorrenak eta estrategikoenak zaindu eta urte osorako turismo iraunkor eta jasangarria bilatu”. Horretarako, egutegi fiskal malgua proposatu dute, interesik gabeko kreditu txikien lerroa zabaltzea, tokiko kontsumorako bonoak sortzea, herriko ekonomiari laguntzeko komunikazio kanpaina eta dinamizazioa eratzea eta lehen sektoreko eskualde-ekoizpenaren salmenta bultzatzea tokiko merkataritzaren bidez.
Guzti hau norabide argi bategaz egin behar dela azpimarratu dute: gizarte eta ekonomi sareak berrantolatzea eta zaintzan oinarritutako herria eraikitzea. “Baliabideak badaude eta beharrizanak ere bai. Orain da momentua, osasuna eta zaintza beti dira-eta inbertsioa”.