Bizkaibus zerbitzu denak berreskuratzen hasiko da apurka-apurka
Autobusen gehieneko edukiera % 30 izatetik % 50 izatera igoko da. Hala ere, segurtasun neurriak mantenduko dira.
Bizkaibus autobus zerbitzua alarma-egoera deklaratu aurretik zeukan ordutegi eta maiztasunak berreskuratzen hasiko dela jakitera eman du Bizkaiko Foru Aldundiak. Era berean, autobusen gehieneko edukiera % 30 izatetik % 50 izatera igoko da, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak 1. faserako ezarritako irizpideetara egokitzeko: 18 metroko autobusek 46 pertsona eraman ahal izango dituzte, gehienez; 15 metrokoek 38 pertsona; eta 12 metrokoek 27.
Hala ere, segurtasun neurriak mantenduko dira. Pertsonen artean ahalik eta distantziarik handiena uzteko ahalegina egingo dela azaldu dute: “eserita joateko erabilgarri dauden plazen erdiak beteko dira, eta, zutik joateko aldean, bidaiari bi joan beharko dira metro karratu bakoitzean”. Gidariaren lekuaren eta gainerako bidaiarien arteko distantzia fisikoa ere mantenduko da, horrela, aurreko lehenengo eserleku biak hutsik utzi beharko dituzte beti bidaiariek.
Aurreko atea itxita egongo da, eta, beraz, atzeko atea erabili beharko da sartu eta irteteko. Autobusen garbiketa- eta desinfekzio-lanak bidaldien artean ere egingo dira, eta ezin izango da eskudirutan ordaindu.
Horrez gain, alarma-egoera deklaratu zenetik itxita egon diren Bizkaibusen kabinak apurka-apurka, irekitzen joango direla azaldu dute.