Lekeitioko Udalak ostalaritza eta jatetxeetako terrazak handitzeko malgutasuna eskainiko du
Portuan kokatzen diren taberna eta jatetxeei aurretik zituzten mahai kopuru berbera mantentzeko aukera eskainiko diete. Herriko beste gune batzuetan kokatutako ostalari eta jatetxeek ere eskatu ahalko dute baimen hori.
Gaur [maiatzak 11] hasi da, besteak beste Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, COVID-19ak sortutako alarma egoeraren lehenengo fasea, eta ostalaritza eta jatetxeetako terrazak publikora irekitzea ahalbidetzen da, baldintza batzuk betez: terrazek daukaten mahaien edukieraren %50 erabili ahalko dute gehienez, eta mahaien artean gutxienez bi metroko segurtasun distantzia mantendu beharko da.
Baldintza horiek malgutzea erabaki dute Lekeition. Horrela, udalak, Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzarekin elkarlanean, portuan kokatzen diren eta herrian lizentzia duten 17 taberna eta jatetxeei, euren terrazak %50 handitzeko eta COVID-19aren aurretik zituzten mahai kopuru berbera mantentzeko aukera emango die.
Ordutegi bat izango dute horretarako. Zehaztu dutenez, terrazaren azalera handitzeko ordua 13:00etatik aurrera izango da. Beti ere, portuko jarduera eta zamalanetarako baimendutako orduak amaitu ondoren. Edonola ere, babes zibileko eta larrialdietako ibilgailuak modu seguruan ibiltzea bermatu behar dela azaldu dute. “Kontuan izan dira, terrazak handitzeko orduan COVID-19aren aurretik zeukaten mahai kopurua berbera izatea, baina baita ere, oinezkoentzako leku nahiko uztea eta segurtasun eta larrialdietako zerbitzuentzako tokia egotea”, azaldu du udalak. Egoera hau, COVID-19ak eragindako aparteko neurri berezia izango dela gaineratu dute, “aurtengo udara mugatuko da”.
Bestalde, herriko gainontzeko ostalari eta jatetxeek ere baimena eskatuko ahalko diote Lekeitioko Udalari, terrazen azalera handitzeko. “Bizi dugun egoera kontuan hartuta, udalak erraztasunak emango ditu baimen horiek ematean. Hortaz, baimen hau lortuz gero, zerbitzu hauek terraza handitu ahalko lukete udaldian”.
Neurri horiekin Lekeitioko establezimenduen egoera hobetzea bilatzen duela jakitera eman du udalak, “herritarrentzako eskaintza ere handituz”.