Nabil taldeak konfinamendua arintzen laguntzeko proiektua gauzatu du
Unai Egia Nabil taldeko kideak talde ezagunen abesti batzuen bertsioak eskaini ditu COVID&COVER proiektuaren bidez. Guztira zazpi abestiren bertsioak egin dituzte; abesti guztiak egongo egoeragaz lotuta daude. Hemen bideo guztiak!
Alarma egoera ezarri zenean, Lekeitioko Nabil musika taldeak konfinamendua arintzen laguntzeko proiektua sortu zuen: COVID&COVER. Herritarrak entretenitzeko helburuagaz, Unai Egia Nabileko kideak talde ezagunen abesti batzuen bertsioak eskaini ditu astez aste. Proiektuari amaiera eman badiote ere, egindako guztia jasota geratu da, bateko eta besteko herritarren gozamenerako.
Proiektua nola sortu zuen azaltzerakoan, bi arrazoi eman ditu Egiak: “Alde batetik, etxean konfinatuta egon behar genuela eta, nire buruari erronka bat ipini nahi izan nion. Hala, astero gutxinez bertsio bat egiteko konpromisoa hartu nuen. Bestetik, herritarrak entretenitzea ere helburuetako bat izan da”.
Apirilaren 11n igo zuten lehenengo bertsioa, eta hortik aurrera etorri dira gainerakoak; guztira zazpi bertsio egin dituzte, eta emaitzagaz gustura geratu direla dio Egiak. “Uste dugu gure helburua bete dugula eta jendeak gustura entzun dituela”. Horren erakusle izan da, hain zuzen ere, bideoek eduki dituzten ikustaldiak. “Ohiko ikustaldiak baino gehiago izan dira, eta pozik gaude”.
Kalera irteten hasi denean ere herritarren esker oneko berbak jaso ditu Egiak. “Konturatu nintzen uste baino jende gehiagorengana ailegatu direla bideoak. Banekien lagunak eta ingurukoak jarraitzen egongo zirela, baina uste ez nuen beste jende batek ere jarraitu ditu, eta hori poztekoa da. Egoera honetan ere, gauza positiborik badago”.
Abestiak ere ez dituela nolanahi aukeratu dio. “Niri gustatzen zaizkidan taldeen abestiak izan dira, baina bizi dugun egoerarekin zerikusia dutenak”.
Proiektuan murgilduta zegoela, Lekittarrok Zaindu kulTuria Youtubeko kanalean parte hartzeko gonbidapena jaso zuen, eta gustura egin zuela dio. “Berezia izan zen emanaldia, eta gustura egon nintzen. Hiru bertsio eta nire hiru abesti eskaini nituen emanaldi horretan”. [IKUSI KONTZERTUA]
Nabil taldearen COVID&COVER proiektuak, beraz, beste behin ere musikak horma guztiak zeharkatzeko gaitasuna daukala agerian utzi du.
Hemen egindako abestien bertsioak eta bideo guztiak: Itxaropena (Su Ta Gar), La era está pariendo un corazón (Silvio Rodriguez), Amaren besoetan (Sorotan Bele), Urte zahar iluntzean (Jainko Txiki eta Jostalari Hura), Sentipenen bihotza (EH Sukarra), Foisis jauna (Itoiz) eta Berdinduak (Keu Agirretxea). Jarraitu Nabil taldearen Facebook orrialdea!