Ondarroako terrazetan orain arte eskatutako mahai kopuru bera ipini ahal izango dute gehienez
Ahal den neurrian dekretuak ezarritako neurria malgutzea erabaki du Ondarroako Udalak. Kasu guztiak banan-banan aztertu ditu udalak.
Gaur [maiatzak 11] hasi da konfinamendua arintzeko 1. fasea, eta horregaz batera, ostalariei terrazetako zerbitzua eskaintzeko aukera eman zaie. Negozioak zabaltzearen aldeko apustua egin dutenek murrizketekin egin behar izan dute, baina egoera arintze aldera, terrazen espazioa handitzeko aukera eman die Ondarroako Udalak. Ezarritako dekretu berriak dioenaren arabera, terrazek daukaten edukieraren %50a erabili ahal izango dute, baina baldintza horiek malgutzea erabaki du udalak; ahal den kasuetan espazio bikoitza erabiltzeko aukera edukiko dute. Hori bai, udal iturriek azpimarratu dutenez, tabernek eta jatetxeek ezingo dute orain arte eskatuta eduki duten mahai kopurua baino gehiago ipini.
Udalak jasotako eskaera guztiak banan-banan aztertu ditu, eta espazioa handitzeko baimena ematerakoan beste bi baldintza ere bete beharko dira nahitaez: oinezkoentzako gutxienez bi metroko pasabidea egon beharko da eta babes zibileko eta larrialdietako ibilgailuak modu seguruan igarotzea ere bermatu beharko da. Baldintza bi horiek ez badira betetzen, ezingo dute mahai gehiago ipini.
Toki batzuetan, baina, kaleak dituen ezaugarriak tarteko, ezinezkoa da terrazek espazio bikoitza hartzea. Kasu horietan, inguruko ostalaritza negozioek terraza ipiniko duten edo ez hartuko dute kontutan. “Alde Zaharreko taberna batek, esaterako, terraza zabaltzera doala esaten baldin badu, baina alboko biak ez doazela irekitzera esaten baldin badute, beharbada espazio zabalago bat baimentzeko aukera egongo da”.