Etxetik, baina jaiaren izaera galdu barik ospatuko dute Ondarroako XX. Antxoa Eguna
Zapatuan [maiatzak 16] ospatuko dute jaia, konfinamendu egoera berrira moldatuta. Urteroko turrun hotsa, antxoa pintxoak edo Zilarrezko Antxoa sariaren banaketa ez dira faltako.
Osasun larrialdiaren ondorioz, jaiak berrasmatu behar izan dituzte hainbat herritan. Ondarroan, esaterako, zapatuan [maiatzak 16] egin beharreko Antxoa Eguna bertan behera geratu zen, baina jaia konfinamendu egoera berrira moldatuta ospatzea erabaki dute, eta jaiak urteroko izaerari eutsiko diola azpimarratu dute udal iturriek. “Helburua herritarrak konfinamenduko egunerokotasunetik ateratzea da. Zer edo zer desberdina egin, eta egunari kolorea ematea da gure asmoa”.
XX. Antxo Eguna nahitaez etxetik gozatu beharko da, baina urteroko turrun hotsa, antxoa pintxoak edo Zilarrezko Antxoa sariaren banaketa ez direla faltako adierazi dute antolatzaileek. “Urteurren berezia izango da. Etxetik ospatuko dugu, baina seguru ondo pasako dugula”. Aste Santuko ekimenek eduki zuten arrakasta ikusita, zapatuko jaia ere antzeko formatuan egingo dute. Eguna kirola eginez hasiko dute. Adin tarte guztientzat egokia izango den entrenamendu saio bat jarraitu ahal izango da zuzenean udaleko Instagram eta Facebook kontuetatik.
Ohitura den moduan, jaiari aurten ere hiru turrunegaz emango diote hasiera ofiziala. Jarraian, garai batean herrian bandoak ahoz ezagutzera ematen zituen Jose Santa Cruz Polka-k egingo lukeen modura, Antxoa Eguneko bandoa irakurriko dute Facebook bidez. “Ekimen hori sasoi batean Polka moduko herritarrek egiten zuten lana gogora ekartzeko egingo dugu”.
Eguneko protagonista nagusia antxoa pintxoak izan ohi dira, eta horiek kalean dastatzeko aukerarik egongo ez denez, antolatzaileek herritarrak pintxoak prestatzera eta horien argazkiak sare sozialetara (Facebook, Instagram edota Twitter) igotzera animatu nahi dituzte. Argazkiak #AntxoaEgune traola erabilita igo beharko dira 12:00etatik 19:00etarako tartean, eta ekimenean parte hartzen dutenen artean herriko dendetan eta tabernetan gastatzeko opari txartelak zozkatuko dituzte. Guztira, 25 euroko hamabi txartel lortzeko aukera egongo da. Zozketaren irabazleak jaiaren bukaerako Radixu Irratiako Uhinen Txertoa irratsaioan jakitera emango dituztela iragarri dute.
Antxoa Egunean egingo diren ekimenenen artean, gainera, Zilarrezko Antxoa sari preziatua ere banatuko dute. Sarituaren izena azken unera arte ez dute jakitera emango. “13:30ean esango dugu aurtengo saridunaren izena”. Aurreratu ahal izan dutenez, Zilarreko Antxoa nori eman aukeratzeko garaian saridunak herriari egindako ekarpena eduki dute kontuan. “Diruz ordaindu ezin den lana egiten dute”.
Arratsaldean, bestelako ekintzak egin ahal izango dira. Gazteenek Gaztelekuko arduradunek Instragram bidez prestatu duten Ginkana birtualean parte hartu ahal izango dute. Koldo Loira, Tximas eta Elepunto DJek, bestalde, etxeetako leiho eta balkoietan egongo direnak dantzan ipiniko dituzte. “DJ bakoitza kalez kale joango da kamioneta baten gainean. Hiru ibilbide ditugu prestatuta; musika dantzagarria ia herri guztira ailegatuko da”.
EGITARAUA
- 10:30. Ownheroes-eko Eneko eta Andoniren eskutik, kirola (Facebook eta Instragram kontuetatik).
- 12:00. Turrun hotsa.
- Jarraian. Polkaren bandoa.
- 12:00-19:00. Etxean egindako antxoa pintxoen argazkiak sare sozialetara igotzea.
- 13:30. Zilarrezko Antxoa saria.
- 17:00. Ginkana birtuala (Gaztelekuko Instragram kontutik).
- 18:00-19:30. DJ saioak kalez kale (euria balego, sare sozialetatik).
- 20:00. Txalo jotzea.
- 20:05. Uhinen Txertoa irratsaioa Radixu Irratian (105-5 FM edo radixu.info)