Lekeitioko portuko sarrera dragatzen ari dira
Urtero modura, hondarra portutik atera eta Karraspio hondartzara eramango dute.

Lekeitioko portuko sarreran hondarra pilatzen da, eta itsasontziek hondoa jo ez dezaten, hondar hori dragatzen ari dira egunotan. Zehaztu dutenez, Eusko Jaurlaritzako portu zuzendaritza burutzen ari da lanak, Lekeitioko Udalagaz eta kofradiagaz elkarlanean.
“Lan hauek urtero egiten dira eta arrantza-sektorean eta itsas-kirol sektorean parte hartzen duten guztien segurtasuna bermatzera bideratuta daude”, azaldu du Lekeitioko Udalak.
Guztira 5.000 metro kubiko hondar aterako dira portutik, eta ondoren, Karraspio hondartzara eramango dute guztia. “Mareak eta itsas hondoko mugimenduek hondarra eramaten dute portuaren sarrera arte eta itsasontziak segurtasun osoz portutik igaro ahal izateko beharrezkoak dira lan hauek”.