3. mailara igo da berriro Aurrera
Alarma egoeragatik liga behin behiko bertan behera geratzen dela baieztatu ostean hartu dute Aurrera mailaz igotzeko erabakia. Ondarrutarrek 3. mailarako txartela lortzen duten bosgarren aldia da.

Aurrera Kirol Elkarteak atzo [maiatzak 12] ohar baten bidez jakitera eman zuenez, 3. mailara igo da berriz gizonezkoen lehen taldea. Espainiako Futbol Federakuntzaren irizpidea aintzat hartuta, Euskadiko eta Bizkaiko Futbol Federakuntzek liga guztiak bertan behera geratu direla baieztatu dute, eta horren arabera, Euskal liga guztien behin betiko sailkapena alarma egoera ezarri aurretik zegoena hartu dute kontuan. Horrenbestez, txapelketa amaitzeko hamar jardunaldi faltan Ohorezko Ligako lehen postuan zegoen Aurrera mailaz igo da zuzenean.
Azken denboraldian jokatu dituen 24 jardunalditatik bi besterik ez ditu galdu talde ondarrutarrak. Denboraldiko talderik erregularrena izan da; besteak beste, 21 partidu zeramatzan jarraian galdu barik. Guztira 46 puntu lortu ditu (hamabi garaipen, hamar berdinketa eta bi porrot), bigarren eta hirugarren sailkatu diren Elorrio A eta Getxok baino puntu bat eta bi gehiago, hurrenez hurren.
[IKUSI HEMEN DUELA BOST URTE TALDEARI EGINDAKO ONGIETORRIA]
Ibon Lopezek entrenatzen duen taldeak bosgarren aldiz lortu du 3. mailarako igoera. 1962-1963 denboraldian lortu zuen lehen igoera, eta 1977-1978 eta 1985-1986 denboraldietan lortu zituen hurrengo biak. Azken igoera duela bost urte lortu zuten, Xepe Gallastegi entrenatzaile zela. Bizkaiko Lurraldeko Ohorezko mailan liga igoera lortzen duen estreinako aldia ere bada gainera. Izan ere, 2015-2016 denboraldira arte Gipuzkoako ligan jokatzen zuen talde ondarrutarrak.
Kirol elkarteko arduradunek azpimarratu dutenez, mendeurrena 3. mailan ospatuko dute, “merezi duten lekuan”. Bide beretik, aspalditik amesten ari ziren ametsa egia bihurtu dela azpimarratu du taldeko entrenatzaileak. Hala ere, igoera sentsazio gazi-gozoekin bizi izan duela aitortu du. “Gure nahia txapelketa futbol zelaian amaitzea eta herritar guztiekin ospatzea zen. Baina egoera etorri den modura etorri da. Gauza asko entzun ditugu, tartean denboraldia baliogabetuko zela ere, eta kezkatuta bizi izan ditugu azken asteak”.
Taldeak denboraldi bikaina egin du, eta igoera egindako ahalegina saritzeko beste era bat dela gaineratu du Lopezek. “Denboraldiaren 3/4ak jokatuta zeuden, eta egin dugun lan guztia eta hautsi ditugun marka guztiak ezertarako ez balio ez izatea tristea izango zen. Nire ustez, erabakirik bidezkoena hartu dute”. Zaleen eta herriaren babesa ere eskertu nahi izan ditu. “Dudarik barik Zaldupe faktorea oso garrantzitsua izan da”.
[IKUSI HEMEN DUELA BOST URTE GABARRAN EGINDAKO OSPAKIZUNAK]
Igoeraren berri eduki orduko asko izan dira taldea zoriondu nahi izan dutenak. Leartigol proiektuak, Ondarroa Arraun Elkarteak edo inguruko hainbat futbol taldek zoriondu dute taldea, baita Ondarroako Udalak ere; jokalari, entrenatzaile, laguntzaile eta zuzendaritza batzordeko kideak zoriondu nahi izan dituzte Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak eta Nagore Badiola Alberdi Kirol zinegotziak herri guztiaren izenean. “Pena izan da igoera denboraldia amaituta ezin lortzea, baina mailaz igo badira merezi dutelako da, sailkapenaren lehen postuan zeudelako. Orain behar bezala ospatu ezin den arren, iritsiko da horretarako momentua ere”.